Adin eta pentsaera guztietako euskalzaleei euskararen egunean plazara ateratzeko deia

plaentxia_com 2013ko abe. 1a, 16:33

Pil-pilean euskara elkarteak ekitaldi berezia antolatu du martitzenean -abenduaren 3an- izango den Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Plazaren erdian euskaltasunaren sua piztuta, inguruan su hori hauspotzen duten euskal hiztun eta euskalzaleak kokatzea da asmoa. Argazki albuma: Euskarak 365 Egun kanpainarekin bat egin duten herritarrak.

Euskal Herriko Euskalzaleen Topaguneak abiatu duen Euskarak 365 Egun kanpainaren barruan euskararen lurralde osoan zehar egingo dira ekitaldiak; Soraluzen ere bai. Ekitaldian euskaldunen hiztun komunitatea irudituko da sinbolikoki, eta horrekin batera euskararen egunak 365 direla ere gogoraraziko dute.

Ekitaldia arratsaldeko 19.00etan hasiko da baina parte hartu nahi duen guztia 18.30erako Plaza Barrira hurreratzeko eskatu dute.

Nabarmentzekoa da dagoeneko ehun lagun baino gehiagok adierazi diotela atxikimendua kanpainari. Argazkiak ikusgai daude kanpainaren webgunean ere: www.365egun.eu .