Domekan egingo da Kontrargiren XXV. Argazki Rally Digitala

plaentxia_com 2013ko aza. 15a, 07:30
Goizeko 8:30etik 9:30era bitartean zabalduko dute izen-ematea eta orduan jakinaraziko dituzte landu beharreko gaiak Kontrargiko lokalean (Errabal 5). Lehen multzorik onenak 100 euro jasoko ditu, bigarrenak 80 eta hirugarrenak 60. Herriko argazkilari onena 60 eurorekin sarituko dute eta 14 urte azpiko onenari 50 euroko bonoa emango diote. Irudian: Iazko argazki irabazlea

Kontrargi Argazki Kolektiboak XXV. Argazki Rallya antolatu du domekarako (azaorak 17). Goizeko 8:30ean hasiko da lehiaketa eta parte hartzaileek 9:30ak bitartean izango dute izena emateko aukera, Kontrargiko lokalean (Errabal 5). Helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte, gazteek, 5. Izen-ematearekin batera banatuko dituzte landu beharreko gaiak, bost guztira, eta parte hartzaileek nahi adina argazki atera ahal izango dituzte, aurkeztu berriz, berrogei gehienez. Argazki guztiak leku publikoetan ateratako izan behar dira eta txartelak eguerdiko 14:00ak baino lehen entregatu behar dira Kontrargiko lokalean.

Saridunak abenduaren 3an

Epaimahaiak abenduaren 3an izendatuko ditu saridunak Eibarko Klub Deportiboan. Sari banaketa berriz, abenduaren 14an eguerdiko 13:00etan egingo da, kiroldegiko erakusketa aretoan. Bost sari banatuko dituzte: lehen multzorik onenak 100 euro, bigarrenak 80 eta hirugarrenak 60. Herriko argazkilari onenak 60 euro jasoko ditu eta gazteen mailan, onena, 50 euroko bonoarekin sarituko dute.