Gaur egingo da euskarari buruzko herri-gogoetaren lehenengo gogoeta saioa

plaentxia_com 2013ko aza. 13a, 10:34

Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren datozen bost urteetarako plangintza berria diseinatzea du helburu. “Errealitatetik hurbilago” egongo den plan estrategikoa egin nahi du; eta, horretarako, herritarren eta herriko eragileen parte-hartzea baliatuko du. Irudia: euskararen inguruko bilkura.

 

Udalaren ustetan “plangintzaldi berria diseinatzeko momentua egokia da geldialdia egin eta eguneroko dinamikatik harago begiratzeko: orain arte egindako ibilbidearen kontzientzia hartu, emandako aurrerapausoak aztertu, hutsuneak eta hobetzekoak identifikatu, eta, azken batean, egungo egoeraren diagnostikoa egin, geldialdi horrek etorkizunera begira jarraitu beharreko norabidea marrazteko oinarriak eta irakasbideak eskainiko dizkigulakoan”.


Horretaz gain, hausnarketa honekin beste bide batzuk ere landu nahi ditu Udalak: “herrian euskararen aldeko sentsibilizazio-lana egin; euskararen aldeko jarrerak, jokabideak eta konpromisoak aktibatu; edota euskararen garapenaren aldeko konpromisoa hartu nahi duten herriko elkarte eta taldeen arteko koordinazioa eta lankidetza handitu, azken batean, hizkuntza-komunitatea egituratu eta sendotu”.

 

Lan honetan, bi lan-saio ireki egingo dira (azaroak 6 eta 20), bina ordukoak. Lan hori bideratzen laguntzeko Udalak Elhuyar Aholkularitza enpresaren zerbitzuak kontratatu ditu. Bileretan hiru lan-mahai handi eta sei lan-talde txiki antolatuko dira, euskararen egoera arloka hobeto aztertzeko. batetik, euskararen transmisioa landuko da: euskararen transmisioa familian eta eskolan, gazteak eta euskara, eta helduen euskalduntzea aztertuko direlarik. Bigarren taldean euskararen erabilera Soraluzeko bizitza sozialean aztertuko da, hain zuzen honako gune hauetan: kulturgintza, kirola, merkataritza eta enpresak. Eta, azkenik, lan-talde motorra deitutakoa sortuko da, bertan bilduko dira euskararen normalizazioaren zehar-lerroak eta euskararen sareak: euskalgintza, euskaltzaletasuna, hizkuntza politika eta Udala.