Zapatu goizak ateri eutsi zion eta jendetza batu zen baserritar eta artisauek mimo handiz prestaturiko azokan. Eguerdira bitartean asko izan ziren herriko barazki, artisautza produktu, ganadu eta hegaztiak… ikusi eta erostera hurbildu zirenak, baita Pil-pileanak antolatutako talo postuan taloa dastatu zutenak ere.
Bien bitartean, herriko umeek entretenimendu bikaina izan zuten Kukumixoko begiraleek antolaturiko jardueretan; goiza jolasean, kantuan eta txorimaloak prestatzen igaro zuten. Gazteek berriz, Galtzagorri eta gaztetxeko lagunekin herri kiroletan aritzeko aukera izan zuten, trontzan, txingak eramaten, sokatiran… .
Eguerdi partean Urrats dantza taldeko gazteenek dantza ikuskizuna eskaini zuten Erregetxean eta ondoren, Zabale baserriko Jesusa Gisasola eta Munetako Jose Lizarralde omendu zituzten. Azokako postu onenari saria Lezarri baserriak eskuratu zuen, bigarren saria Arizaga baserriak eta hirugarrena, Guenetxetxok.
Bazkalorduan, karpan, gaztetxean edo elkarteetan, denek izan zituzten babak platerean eta arratsaldean Xero Xiettek berotu zuen karpako giroa. Fun & Go taldeak gauean gaztetxean eskainitako erromeriak borobildu zuen eguna.