Hezkuntza komunitatearen gogoetarako gune iraunkorra lehenetsi da Alkarrekinen

plaentxia_com 2013ko aza. 3a, 22:20

Urriaren 30ean batu zen Alkarrekinen herritarren foroa hezkuntza arloko egitasmoak lehenetsi eta ekintza posibleak proposatzeko. Oraingoa ere bilkura jendetsua izan zen, berrogeiren bat herritarrekin. Irudia: hezkuntzako foroa.

 

Bileran bost egitasmo nagusi izan zituzten berbetagai; eragileen arteko koordinazioa, gurasoen inplikazioa, familien formazio eta orientazioa, helduen hezkuntza, herri-identitatearen lanketa eta errendimenduaren hobekuntza. Foroan, “hezkuntza komunitatearen gogoetarako gune iraunkorra sortu beharra” azpimarratu zuten. Horrekin batera, herri-identitatea indartu eta herriaren historia transmititzeko beharra ere nabarmendu zen. Eredugarritzat jo zuten zenbait eskolatan aittitta-amamekin batera martxan jarri dituzten ekimenak. Eskolako errendimenduari dagokionez, gaitasun zehatzen bat aukeratu eta hezkuntza komunitate osoak berau lantzeko ekimen bateratua egitea aukera proposatu zuten; hizkuntza eta komunikazio gaitasuna lantzea esaterako.

{mosimage} 

Hurrengo saioa

Azaroan euskararen inguruko herri-gogoeta egingo da. Orain arte bezala, bi aldiz batuko da herritarren foroa. Bilerak azaroaren 13an eta 27an izango dira.

Parte hartzeko aukera

Parte hartu nahi izanez gero, komeni da aurrez udaletxean izena ematea (943753043 / alkatetza@soraluze.net).