Bilduren aldeko 5 bozkekin eta PSE-EEko 2 ordezkarien abstentzioarekin onartu ziren 2014rako Ordenantza fiskalak herenegun egin zen udalbatzarrean. EAJk kontra bozkatu zuen. Haren ustez, datu sozioekonomikoen larritasunari erreparatuta, udalak “zergak izoztu” behar lituzke, “presio fiskala arinduz” herritarrei laguntzeko. “Salbuespeneko egoeren aurrean, salbuespeneko neurriak” aldarrikatu zituen Aldazabalek. Zaborren tasari dagokionez, 5. edukiontziaren erabiltzaileei eta konpostagileei %30eko hobaria aplikatzea proposatu zuen EAJ-k, eta “hobariak beharrean errekarguak” ezartzea kritikatu zuen.
PSE-EEko ordezkariak “demagogia” hitza erabili zuen EAJren jarrera salatzeko, eta gaineratu zuen, zergak beharrezkoak direla udal gastuei aurre egin eta aurrekontua osatzen duten egitasmoak gauzatzeko. Ondorioz, “gutxien dutenei lagundu egin behar zaie baina zerga sistema norberen ahalmenen eta aukeren arabera elikatu behar da”, gaineratu zuen.
Alkateak bere aldetik, ordenantza azken asteetan Ogasun Batzordeetan “alderdi guztien artean” garatutako “eztabaiden emaitza” izan zela nabarmendu zuen. Udalak egoera ekonomiko “zailean” jarraitzen duela eta KPIaren igoera beharrezkoa dela gaineratu zuen. Horrekin batera, udal gobernua herritarren egoeraz jakitun dela eta datozen urteko aurrekontuetan “diru-sarrera txikiak dituzten herritarrei laguntzeko partida bat adosteko konpromisoa “ ere iragarri zuen Arluziagak. Gogoratu behar da udalak 3.000 euroko diru partida bideratu duela aurtengo urtean zehar, diru sarrera txikiak dituzten herritarrei 50 euroko bonoak bideratzeko.
Igoerak eta hobariak
Udal tasei KPIaren igoera -%1,9a- ezarriko zaie orokorrean. Hala ere, izango dira igoera berezia jasango duten zergak ere; hilerriko zergak esaterako, %50 igoko dira, eta ibilgailuen gaineko zerga ere igo egingo da, Gipuzkoako batazbestekoarekin parekatu arte. Azken honetan, hobariak ezarriko zaizkie kotxe elektriko zein hibridoei. Zaborren kasuan ere, PSE-EE k proposatutakoari jarraituz, zergak izoztuko zaizkie 5. edukiontziaren erabiltzaileei eta %4ko igoera ezarriko zaie gainerakoei.
Salbuespenak etxebizitza hutsen errekarguan
2013an %75eko erregarkua ezarri zien udalak “hutsik” zeuden etxebizitza guztiei. Aurten ordea, herritarren helegiteak aztertu eta “Soraluzeo errealitateari begiratu “ ostean, salbuetsita geldituko diren hainbat egoera jaso dituzte ordenatzetan. Besteak beste, salbuetsita geldituko dira; lanbide- nahiz merkataritza-jardueretarako erabiltzen diren etxebizitzak, ordenamenduz kanpo daudenak, eraberritze lanetan daudenak, egoitzarenbaten erroldatuta dauden pertsonen jabetzakoak direnak (EAJk proposatuta), arrazoi bereziren bategatik etxebizitza denbora batez hutsik izatea arrazoitzen dutenak (PSE-EEk proposatuta)...
Taxi zerbitzua %2 garestiago
Taxi Elkarteak hala proposatuta, taxi zerbitzuetako hiri-tarifak %2a igotzea bozkatu zuten atzoko udalbatzarrean. Aldeko zazpi bozarekin (Bildu 5, PSE-EE 2) eta EAJren 4 kontrakoekin, onartu egin zen igoera.
Auzipetuen askatasuna
Madrilgo Audientzia Nazionalean herriko tabernen eta Segiko gazteen auziko auziperatuen askatasuna eskatzeko mozioa ere onartu zuen udalbatzarrak, Bilduren eta EAJ eta aldeko 9 bozkekin eta PSE-EE alderdiaren kontrako 2rekin. Bilduk eta EAJk azkenengo momentuan adostu zuten mozioa, Bilduk aurkeztua zuena bertan behera laga eta gero.
Larrañagari omenaldia
Eskarien atalean, Pedro Larrañaga ikertzaile soraluzetarrari omenaldi bat egitea proposatu zuen EAJko ordezkariak. Larrañagak burmuin artifiziala garatzeko ikerketa garrantzitsu bat garatzen dihardu. Proposamena aztertu eta kontuan hartuko duela adierazi zuen udal gobernu taldeak.
Alkateen konferentzia
Udalbatzarraren amaieran, Donostiako Alkateen Konferentzian landutako berbak izan zituen gogoan alkateak eta alderdi guztiei bertan landutakoaren inguruko gogoeta egiteko eskatu zien.
{mosimage}