Taberna eta elkarte gastronomikoek babesa adierazi diote Arrano elkarteari

plaentxia_com 2013ko urr. 21a, 11:21

Herriko tabernen auzia dela eta, herriko hainbat taberna eta elkarte gastronomikoetako ordezkariek agerraldia egin zuten zapatu goizean. Bertan, auzipetutako pertsonen eta elkarteen eskubide zibil eta politikoak errespeta daitezela eskatu zuten. Irudia: Zapatuko agerraldia.

 

 

Arrano elkarteko juntakoek irakurri zuten agiria, atzean taberna eta elkarteetako ordezkariak zituztela. Herrikoena, “Segiko gazteen aurkakoa bezala”, epaiketa “politikoa” izango dela salatu zuten eta agerraldiko argazkia “euren ideienganako atxikimendua erakusteko ez”, baizik eta, “pertsona guztien eskubide zibil eta politikoen aldeko argazkia” zela argitu nahi izan zuten. Aldarrikapen hori “jendartean gero eta ahots ozenagoz entzuten dela ere azpimarratu zuten” eta datorren zapatuan Bilbon egin Libre lemapean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuten.

{mosimage}

Arrano elkarteko bazkideen izenean eskerrak emanaz amaitu zuten agerraldia. Datozen egunetan, herriko taberna eta elkarte gastronomikoetan jarriko dute argazkia.


Aipatzekoa da bestalde, epaileak hartutako erabakiari esker, herriko tabernetako arduradunek ez dutela epaiketan presente egon beharrik izango eta beraz, Jose Frantzisko Aizpuruk Atxitok ez du Madrilera joaten ibili beharko.