2013-2014 urteetan Gipuzkoako hego-mendebaldeko
autobus kontzesioak berritu behar ditu Aldundiak, eta abagune hori aprobetxatu
nahi du zerbitzuaren gaineko hausnarketa bideratzeko. Soraluzeko autobus-zerbitzuaren
inguruko ekarpenak jasotzeko bilera irekia egingo du astelehenean 18:30ean,
Zinean. Parte-hartze prozesuak Gipuzkoako hainbat eskualdetan jarriko dira
martxan: Urola, Debabarrena, Debagoiena, Buruntzaldea eta Tolosaldeko hainbat
herritan. Guztira 56 herrik hartuko dute parte eta bertako herritarrek eskualde
barruko zerbitzuez, eskualde arteko loturaz, autobusen maiztasunaz, ibilbideaz,
ordutegiaz eta abar hitz egingo dute.
20 euroko
bonoak zozketan
Bilera irekiaz gain parte hartzeko beste
bide batzuk zabaldu dituzte: sare sozialak (twitter eta facebook), webgunea (www.garraioahobetzen.net) edota galdetegia. Galdetegia aipatutako webgunean bete ahal izango da edo paperean, eta
paperezko aleak autobusetan edo herrian jarri diren postontzietan jaso ahal
dira. Parte-hartzea bultzatzeko eta saritzeko, galdetegia betetzen duten herritar
guztien artean Mugi/Lurraldebus txartelak kargatzeko 20 euroko bonoak zozketatuko
dituzte.