Berbalagun egiteko izen-ematea zabalik dago urriaren 31ra arte

plaentxia_com 2013ko urr. 9a, 10:00

“Supermintzalagun izan nahi? Elkartu gurekin!” da berbalagun berriak bilatzeko kanpainan zabaldu duten leloa. Aurten bereziki egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten supermintzalagunak omendu nahi dituzte eta herritarrei, Berbalagun programaren bitartez astean ordubetez euskara praktikatzera gonbidatu. Izena ematea urriaren 31ra arte dago zabalik eta Pil-pileanean, AEKn edota udaleko euskara zerbitzuan egin daiteke. 
 

Euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzea da Berbalagun programaren asmo nagusia. Astean ordubetez batzen dira, kafetegian, parkean, kiroldegian… euskaraz egin eta mintzapraktika lantzeko. Aurten bereziki, egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten supermintzalagunak omendu nahi dituzte, arduradunen berbetan, “ahalegin horri esker biziberritzen baita euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten baitira”. Soraluzen, hogeita bost lagunetik gora parte hartu zuten iazko Berbalagun programan eta egitasmoaren koordinatzailea den Arrate Gisasolak adierazi duenez, aurten ere jarraituko dute gehienek. 

Hamaika motibo

“Euskaraz hitz egiteko lotsa galtzea”, “kaleko euskara garatzea”, “hitz egiteko maila hobetzea”, “titulua lortzea”, “herriko euskal mundura hurbiltzea”, “besteei praktikatzeko aukera ematea”, “euskara maila mantentzea”, “euskaraz bizitzeko aukerak ugaritzea”… honek eta gehiago dira izena ematen duten berbalagunen nahi, behar eta helburuak. Koordinatzailearen berbetan “euskara ikasgeletatik atera eta kalean, egunerokoan aurki ditzakegun zailtasunei aurre egiteko tresnak sortzea da programa honen asmo nagusia”. Hortaz, euskara kalean, talde txikietan praktikatzeko interesa dutenek urriaren 31ra arte dute Berbalagun programan izena emateko aukera, Pil-pileanean, AEKn edota udaleko euskara zerbitzuan.

 

Izena emateko moduak:

Pil-pilean Euskara Elkartea

943751304

euskara@pilpilean.com

Soraluzeko AEK

943751434

soraluze@aek.org

Udaleko Euskara Zerbitzua

943753043

euskara@soraluze.net

 

Ikusi supermintzalagunen bideoa: