Hogeitamarren bat merkatari batu ziren Bizikalek eta udalak herriko merkataritza biziberritzeko prestatu duten planaren aurkezpenera. Ainara Muga teknikariak berari gertatutako adibide praktiko bat aukeratu zuen aurkezpenari hasiera emateko. “Palako jokalari moduan federatu berri naiz eta orain hilabete batzuk partidua izan genuen kanpoko bikote baten aurka. Kanpotik etorritako jokalariek ez zekiten herrira nondik sartu behar zuten, kiroldegia non zegoen... Horrek adierazten du seinalizazioa hobetzetik bertatik ekin beharra dagoela”.
Hobetzeko asko
Otsailetik irailera bitartean egindako lanaren berri eman zuen Mugak. Merkataritzaren egoera ezagutzeko, herritarren eta merkatarien iritziak jaso eta kontsumo ohiturak aztertu dituztela azaldu zuen, eskaintza komertzialaren ahulgune eta hobekuntza aukerak identifikatzeko. Ildo horretan, herritarrekiko komunikazioan merkatariek zer hobetu asko dutela iritzi zion, “ordutegiak adierazi behar dituzte, eta eskaintzen duten produktuari balioa eman, ezagutaraziz”. Merkatarien arteko elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu zuen, “konturatu behar duzue konpetentzia nagusia ez dela zuen artekoa, merkatalgune handiekikoa baizik, eta denok batera egitea da horri aurre egiteko modu bakarra”.
Elkarlana eta hobekuntza
Etorkizunean landu beharreko ildoen artean, Bizikale indartzeko beharra azpimarratu zuten alde guztiek. Goenaga eta Dezak ere Bizikale indartsu batek merkatarien intereseko kontuak garatzeko ekarriko lituzkeen abantailak aipatu zituzten; “formazioa, ekimen bateratuak, instituzio publikoekiko harremana... Batera beharbada lortuko dugu zerbait, banatuta seguru ezetz”. Alkateak, bere aldetik, udalak merkatarien elkartea indartzeko bidean “diskriminazio positiboa” ezartzeko asmoa duela adierazi zuen, “etorkizunean elkarrekin garatu beharreko bidean interlokuzio indartsu bat izatearen garrantzia” nabarmenduz. Guztiek ere dei egin zieten oraindik Bizikaleko kide ez diren merkatariei elkarteko kide egin daitezen, bereziki hostalariei, sektore honetako bi kide bakarrik parte hartzen dutelako elkartean.
Horrekin batera, udalarekiko elkarlana estutu eta herritarren kaleko “transitoa” sustatzea beharrezkoa dela aipatu zuten, eta baita eskaintza komertziala hobetzeko neurriak hartzea ere: “saltokien aniztasuna, produktuen barietatea, hauek balioan jartzea, irisgarritasuna eta erakargarritasuna, eta garapen teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu beharra dago”.
Azaroan azoka
Datozen hilabeteetan garatuko dituzten ekimen zehatz batzuen berri ere eman zuen alkateak. Azaroan “herriko merkatarien produktuak kalera aterako dituen azoka” egingo dela jakinarazi zuen, eta epe laburrean; “web orria, pentsiodunendako bonolaguntzen kanpaina eta gabonetako zaldiko maldikoa” antolatuko dituztela iragarri zuen. Gainera, udal gobernuak “merkatarien egoera barneratu” duela eta etorkizunean “sektorea biziberritzen inplikatuko” dela adierazi zuen. Ondoren, aurkezpenaren ingurukoak komentatzen jarraitu zuten aurkezpena zela eta Bizikalek antzokian bertan antolatu zuen luntxean.
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}