“Zer da LOMCE legea?” hitzaldia antolatu du eguaztenerako herriko hezkuntza komunitateak

plaentxia_com 2013ko urr. 8a, 10:30

Espainiako kongresuak urriaren 10ean onartu nahi duen LOMCE legea zer den eta zein oinarri dituen azaltzeko berbetaldia antolatu dute herriko hezkuntza komunitateko eragileek. Zapatuan “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki, LOMCE-ri ez!" lemapean Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa ere antolatu dute. Irudian: Hezkuntza komunitateko ordezkariak

Herriko hezkuntza komunitatea osatzen duten ikasle, guraso, familia, langile eta beste hainbat eragilek beren ardura eta aurkakotasuna agertu dute Espainiako kongresuak urriaren 10ean onartu nahi duen LOMCE legearen aurrean. Lege hau “zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista” dela diote eta gainera, “luzea izango dela eragingo dituen kalteen zerrenda”. Hezkuntza komunitatearen esanetan, besteak beste, “sexuka berezitutako ikastetxeak diru publikoz finantzatuko ditu” ,“euskara 3. mailako hizkuntza bilakatuko dute, inglesaren atzetik” eta “ikastetxe guztietan erlijio kristaua eskaini beharko da bai edo bai”. Legea onartuz gero, 2014-2015 ikasturtean indarrean jarri dezaketela gaineratu dute eta herritarrei “ondo informatzea eta elkarrekin legeari aurre egitea” eskatu nahi diete.

Hitzaldia bihar, manifestazioa zapatuan

Institutuak, Plaentxi Herri Ikastetxeak, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteak, Soraluzeko LABek, ELAk, Kukumixo aisialdi taldeak, Ikasle Abertzaleakek, Soraluzeko Haurreskolako hezitzaileek eta Udaleko Hezkuntza Batzordeak deituta, “LOMCE zer den eta bere itzalpean zer datorren” azaltzeko hitzaldia antolatu dute biharko (eguaztena) arratsaldeko 18:30ean, Zinean. Arduradunek azaldu dutenez, zaintza eta itzulpen zerbitzua izango da hala behar dutenentzat. Bestetik, “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki, LOMCE-ri ez!" lemapean zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa ere antolatu dute. 16:30ean Plaza Barritik abiatuko dira eta izen-ematea urriaren 10a baino lehen egin ahalko da, institutuko eta ikastetxeko zuzendaritzetan, baita Iratxo goxodendan ere. 

 

Hemen hezkuntza komunitateak banatu duen eskuorria:

 

Soraluzeko hezkuntza eragile gehienok ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkartek argi adierazten dugu azken hilabeteetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna.

Lege zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista dela diogu ozenki. Baina zer da LOMCE? Zer dator LOMCE-ren itzalpean?

·         32 urtetan, 11. hezkuntza legea da Espainiar Estatuan, hezkuntza komunitatearekin adostu gabea.

·         Sexuka bereiztutako ikastetxeak diru publikoz finantziatuko ditu, Europar komisioak esandakoaren kontrara.

·         Bereizkeria eta klasismoa indartuko ditu, eskola inklusibo eta integratzailetik urrunduz.

·         Euskara 3.mailako hizkuntza bilakatuko dute, ingelesaren atzetik.

·         Eskola kontseilua, gune erabakitzaile izatetik kontsultiboa izatera igaroko da.

·         Zuzendaritzak ikastetxetik kanpo aukeratuak izango dira eta organo erabakitzaile gorenak bilakatuko dira.

·         Espainiar konstituzioaren balioen zabaltzea bideratuko da, curriculuma herritarren uniformizaziorako tresna bilakatuz.

·         Errebalidak: lehen hezkuntzan hasita, kanpo ebaluazio nazionalak aplikatuko dira (kanpotik ezarritako eduki, metodologia eta zuzentzaileekin)

·         Ikastetxeen ranking publikoak kaleratuko dira.

·         Ikastetxe guztietan erlijio kristaua eskeini beharko da bai edo bai.

·         Hezkuntza sistema pertsonen zerbitzura jarri beharrean, enpresen zerbitzura jartzen da, emaitzen araberako ibilbideak planteatuz       ...

Luzea da, LOMCE-ek eragingo dizkigun kalteen zerrenda. Ikasleoi, gurasoi, irakasleoi eta azken finean, herritar guztioi. Badirudi urriaren 10ean onartu nahi dutela LOMCE Espainiako kongresuan. Hori hala bada, 2014-2015 ikasturtean martxan egon daiteke. Orain da unea, Soraluzeko herriak ere ezezko borobila adierazteko. Egin dezagun guztiok elkarrekin, zatoz eta parte hartu!

·         Urriaren 9an, asteazkena, 18.30ean Zer da LOMCE? hitzaldia Zine Aretoan.

*Zaintza eta itzulpen zerbitzua egongo da.

·         Urriaren 12an, larubata, 17.30ean MANIFESTAZIO NAZIONALA Bilbon.

â—¦   Autobusa Soraluzetik; 16.30ean Estaziotik

â—¦   Izen emateko (Urriaren 10a baino lehen): Institutoko eta ikastetxeko zuzendaritzetan, baita Iratxo Goxotegian ere.

 

Soraluzeko hezkuntza komunitatea: Soraluzeko Institutua, Plaentxi Herri Ikastetxea, Atxolin Guraso Elkartea, Keixeta Guraso Elkartea, Soraluzeko LAB, ELA, Kukumixo Aisialdi Taldia, Ikasle Abertzaleak, Soraluzeko Haurreskolako hezitzaileak eta Udaleko Hezkuntza Batzordea.