Anaitasunak 6 gol egin zizkien Sorako Nesken Kadeteei

plaentxia_com 2013ko urr. 8a, 09:30

Kadete Nesken taldeak jaso du asteburuko gol sorta handiena. Azkoitiarren zelaian 0-6 galdu dute eta ondorioz, denboraldia hasi denetik punturik lortu gabe jarraitzen dute, sailkapenean azkenak izaten. Anaitasuna bera berriz, lehenengo dago 6 punturekin. Irudian: Kadete Nesken taldea

Asteburu honetan hirugarren jardunaldia jokatu dute Sorako taldeek eta zoritxarrez, ez dituzte puntu asko eskuratu. Bost taldetatik hiruk galdu egin dute, batek berdindu eta beste batek irabazi egin du.

ERREGIONAL PREFERENTEAK punturik banatu gabe, berdinketarekin joan ziren (2-2) Oriokoren aurkako partidutik. Mutrikuren atzetik zazpigarrenak dira zerrendan, 5 puntu batuta. Datorren asteburuan taldeko liderra den Amaikak Bat taldearen kontra lehiatuko dira Ezozin.

ERREGIONALEK ezin izan dute Eibartarrak taldea mendean hartu eta azkenean, 2-3ko emaitzaz bukatu zen Eibarren jokatutako norgehiagoka. Datorren asteburuan Urkiren kontra lehiatuko dira Ezozin. Puntuz berdinduta daude, 3rekin hain zuzen Sora zerrendako seigarrena da.

JUBENILEK Ezozin jokatu zuten zapatuan eta punturik eskuratu gabe egin zuten etxerako bidea, Eibartarrak-ek 3-6 garaitu zituen eta. Ikasberriren aurretik seigarrenak dira zerrendan baina oraindik ez du puntu bat bera ere eskuratu. Zestoa dago lidertzan, 9 puntu batuta. Datorren asteburuan Aloña Mendiren zelaian jokatuko dute; oñatiarrak ere punturik gabe daude bosgarren sailkapenean.

MUTILEN KADETE taldea izan da asteburuan garaipena eskuratu duen talde bakarra, Aurrera taldeari 0-2 irabazita. Ikasberriri puntuz berdinduta, hirugarrena da zerrendan 6 punturekin. Burumendi dago lidertzan 9 puntu batuta. Datorren asteburuan Ikasberri talde azpeitiarra hartuko dute Ezozin.

KADETE NESKEN taldeak askogatik galdu zuen Anaitasunaren kontrako norgehiagoka (0-6). Bere alde esatea, talde azkoitiarra sailkapeneko buru dela 6 puntu batuta. Datorren asteburuan Bergaran jokatuko dute eta irabazteko aukera gehiago izango dituzte, Bergara seigarrena baita zerrendan, puntu bakarrarekin.