Eguneko Zentroa zabaltzeko Estaziño kaleko lokala lagako dio udalak Diputazioari

plaentxia_com 2013ko urr. 4a, 16:01

Estaziño kalean dagoen udal jabetzako lokala 25 urtez Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea onartu zuten atzoko udalbatzarrean, aho batez, bertan Eguneko Zentroa eraiki dezaten. Akordioa sinatutakoan, Diputazioaren ardura izango dira egokitzapen eta kudeaketa lanak. Irudian: udalbatzarra

 

Atzoko udalbatzarrean sei ziren tratatu beharreko puntuak baina azken orduko urgentziazko mozioak aurkeztuta, zortzi izan ziren jorratu zituztenak. Garrantzitsuena Eguneko Zentroari dagokiona; udalbatzarreko kide guztiek aho batez onartu zuten Estaziño kaleko 9. zenbakiko azpiko solairuan dagoen udal jabetzako lokala (150 m2) 25 urtez Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea, bertan Eguneko Zentroa eraiki dezan.

Mikel Santiago Ongizateko Batzordeburuak azaldutakoaren arabera, “behin akordioa sinatuta, Diputazioaren gain geratuko dira lokalaren egokitzapen eta kudeaketa lanak”. Bestetik, udalak duen larrialdietarako etxebizitzari erabilera eman eta bertara pertsona bat sartzea aho batez onartu zuten. Beste bi  puntutan, udaleko lurzoruen desafektazioak (domeinu publikoa izatetik ondarezko domeinua izatera pasatzea) tratatu zituzten; batean Etxaburueta kaleko 5. zenbakiko eraikineko 2. Solairua desafektatzea eta bestean, Zeletan igogailuak jartzeko behar beste lurzoru publiko desafektatzea. Biak ala biak aho batez onartu zituzten.

Herriraren aldeko mozioa onartua

Herrira, euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren kontrako operazio polizialaren harira, urgentziazko mozio bateratua aurkeztu zuten Bilduk eta EAJk. Besteak beste, “Espainiar gobernuaren estrategia salatu” eta “euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen errespetua eta atxilotuen askatasuna” exijitu zituzten. PSE-EE alderdia abstenitu egin zen “zuzenbide estatuan sinesten zuela” argudiatuta eta “epaileek erabakitzen zutena errespetatuko dutela” esanaz. Mozioak aurrera egin zuen, EAJko lau kideen eta Bilduko lauen bozkei esker.

PSE-EE kopagoaren kontra

Berrordainketa salatzeko mozioa aurkeztu zuen bere aldetik, PSE-EE alderdiak. Besteak beste, udalak “neurriak hartu” eta “estatuak inposatu nahi duen botiken berrordainketa salatzea” eskatzen zuten. Udalbatzarrak aho batez onartu zituen aipatu eskaerak.

Eskari eta galderak

Eskari eta galderen tartean Iker Aldazabalek musika lokalen inguruan herritarrengandik heldu zaizkion kexak azaldu zituen. “Ezohiko orduetan entseatzen omen dute, auzotarrak kexu dira, lo orduetan sekulako zarata egon ohi omen da”. Arazoari “irtenbide” bat eman eta “arauen berrikusketa” eskatu zuen Aldazabalek. Gazteria saileko Batzordeburu den Mikel Argaratek “arauak behin eta berriz berrikusi dituztela” eta “gazteekin sarri egon ohi dela arazoa zein den komentatzeko”  azaldu zuen. Berarentzat “gunea bera da okerra” eta “denon artean irtenbide bat ematen” ahaleginduko direla erantzun zion Aldazabali.

PSE-EEko ordezkari den Soledad del Bosque-k amaraunak eta barandak garbitzea eskatu zion Roke Akizuri eta honek, horretarako beharrezkoak diren tramitazioak egiten dihardutela azaldu zion.

Azkenik, publikoak hartu zuen hitza, zehazki, Herriaren izenean udalbatzarreko kideei azalpenak eskatzera hurbildutako herritar bat aritu zen. Hizketan hasi bezain pronto, PSE-EE alderdiko bi zinegotziak saio aretoa utzi zuten; “horretarako eskubidea dutela argudiatuz”. Ondorioz,  berbetan ziharduena isildu egin zen eta 20:00ak aldera bukatutzat eman zuten atzoko saioa.