Udalak
herrian dauden mantenu beharrei erantzuteko bost hilabeterako bi persona kontratatuko
ditu. Datozen asteetan egingo
dute deialdia publiko eta interesatuek Lanbideren bitartez eman ahalko dute
izena. Zehazki, belar, sasi, arbola, armiarma… garbiketak egiteaz arduratuko
dira, baita auzotarren batzarretan jasotako eskariak bideratzeaz ere. Udalak
jakitera eman duenez, “etengabeak izan dira herritarrengandik herriko mantenu
lanak txukun egiteko jaso dituzten eskaerak” eta horren harira azaldu du, Eusko
Jaurlaritzak eginiko murrizketen ondorioz, “ezin izan duela inor kontratatu”. Kontratazio
hauek Gipuzkoako Diputazioaren laguntzari esker egingo dituztela gaineratu du “Diputazioak
laguntza eskaini arte ezin izan ditugu urteroko 2 kontratazioak egin, eta hori
herrian igarri egin da. Benetan eskertzen dugu diputazioaren ahalegina,
udaletxeak parte bat ipini behar badu ere, bi lanpostu hauek sortzea bideragarri
egiten lagundu digulako”.
Kontratazio berriak lan karga arintzeko
Zerbitzuetako langileek
errurik ez dutela eta “herritarrek bizi duten ezinegona konpartitzen dutela” gaineratu
dute udal taldeko ordezkariek; “ahaleginduko gara kontratazio hauekin
herritarren eskaerei ganorazko erantzun bat ematen. Eta ea hurrengo urterako
jaurlaritzak murrizketak utzi eta diputazioak hartu duen laguntzarako bidean
kokatzen den”.