Euskara ikasteko matrikula doan guraso, langabe, dendari, ikasle eta jubilatuendako

plaentxia_com 2013ko ira. 12a, 09:30

AEKrekin elkarlanean, euskara ikasteko dirulaguntza kanpaina jarri du martxan udalak. Guraso, dendari, langabetu, ikasle eta jubilatuek matrikula ordaintzeko %100ko dirulaguntza jasoko dute eta langileek %50ekoa. Izen-ematea irailaren 27a baino lehen egin behar da. Irudian: AEKko ikasleak

 

Udalak eta AEK euskaltegiak sinatutako akordio bati esker, 2013-2014 ikasturtean  euskara ikasi nahi duten guraso, langabe, dendari, ikasle eta jubilatuek matrikula ordaintzeko %100ko dirulaguntza jasoko dute eta langileek %50ekoa, baldin eta errenta-maila jakin batzuetatik behera ez dauden, horiek %100eko laguntza jasoko baitute. Ikasketak herriko euskaltegia ez den beste zentroren batean egiten badira, laguntzok erdira jaitsiko dira. Diru-laguntzak jasotzeko derrigorrezkoa da %80ko asistentzia, ikastaroa bukatzea eta gutxieneko aprobetxamendua izatea.

Eskaintza oparoa

Euskara ikasi nahi duten ikasleen kopurua handitu asmoz, iazko eskaintzari on-line bitartez egin daitezkeen ikastaroak gehituko zaizkie, hamalau guztira:

Euskalduntze orokorra (aurrez-aurrekoa edo autoikaskuntza)

Xede bereziko ikastaroak (aurrez aurrekoa)

-1./2./3. Maila (EGA)

-Hizkuntza eskakizunak: IVAP, IRALE eta OSAKIDETZA

On-line:

-H-100 (Euskaltzaindiaren arauak)

-H-501 (Testugintza)

-3. eta 4. maila

-EGA lantzeko zerbitzu osagarriak

-Administrazio idazkiak

-Eskatzailearen neurriko ikastaroen diseinua

-Glotodidaktika

Ordutegi malgua

Ordutegiei dagokienez, eskaintza ahalik eta malguena plazaratzen ahaleginduko direla adierazi dute arduradunek. Soraluzen taldeak sortzen haste aldera, martitzen, eguazten eta eguenetarako zehaztu dituzte eskolak: goizez, 09:00etatik 11:30era, arratsaldez 14:30etik 17:00ra eta gauez 18:45etik 21:00ra. Urriaren 1ean emango diote hasiera ikasturte berriari eta interesatuek, irailaren 27a baino lehen eman beharko dute izena Baltegieta kalean dagoen bulegoan edo 943 751434 telefonora deituta.

Informazio gehiago: 943 741434 edo soraluze@aek.org