Duintasuna Elkateak eta Itxaropena Jubilatuen Etxeak botiken berrordainketa salatzeko kanpaina jarri dute martxan. Pentsiodun eta 65 urtetik gorakoen errezetak dohainik izatea exijitu eta berrondainketaren kontra ahalik eta sinadura gehien batu nahi dituzte. Gaur goizean anbulatoriopean abiatu dute sinadura bilketa eta eguenerako bi hitzordu zehaztu dituzte: bata goizerako, 11:00etatik aurrera azokan jarriko dute sinadurak batzeko mahaia eta bestea arratsalderako, 19:00etan elkarretaratzea burutuko dute Plaza Barrixan.
Soldataren
araberako portzentajea
Berrordainketa sistemarekin medikuek ematen dituzte errezetetan osasun zerbitzuen erabiltzaile bakoitzaren diru sarreren eta lan egoeraren araberako kode bat agertzen da, eta, horretan oinarrituta, bakoitzak dagokion botikaren ehunekoa ordaintzen du. Sistema hau guztiz salagarria dela iritzi diote Duintasuna Elkartekoek: “Bizi osoko lanaren bitartez kotizatutakoarekin botikak aski soberan ordainduta ditugula uste dugu. Osasun zentroetarako joan-etorriak, anbulantziak, protesiak, makuluak, gurpil-aulkiak eta orokorrean ordainarazi nahi diguten guztia dohainik izatea exijitzen dugu; guztiok, zahartzaro duina izatea merezi dugu”. Eskaera bat ere plazaratu diote Espainiako Gobernuari: “Zorduntzekotan porlanean baino pertsonenganako betebeharretan zorduntzea”.
Sinadurak
Eusko Jaurlaritzara
EAE mailan jasotako sinadura guztiak Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko dituztela azaldu dute arduradunek eta jubilatu eta pentsiodunei farmazietan erositako botika guztien tiketa eskatu, eskuratu eta etxean gordetzeko eskatu nahi diete. “Botika guztien egiaztagiria jaso, farmaziako seilua, data eta sinadurarekin. Eusko Jaurlaritzan erreklamazioa egiterakoan ziurtagiri guztiak eskura izateko”.