Pelotan ere Debarroko txapela ekarri dute herrira

plaentxia_com 2013ko mai. 28a, 15:47

Santamariak eta Kortabarriak 22-17 irabazi zioten Bergarako bikoteari eta Andreuk eta Iruretak 22-7 Zuazua eta Bolinagari. Emaitzokin, Debarroko Pilota Txapelketako txapela eskuratu dute Jubenil eta Nagusiek. Irudian: Nagusi eta Jubenilak, txapel eta garaikurrekin

 

 

 

 

Soraluze Pilota Klubak aspaldiko emaitzarik onenak lortu ditu aurten eta horren adibide izan da Debarroko Pelota Txapelketa: lehiaketara bi talde aurkeztu eta biak txapeldun suertatu dira. Aurreko zapatuan jokatu zuten finala Elgoibarren eta baita ondo jokatu ere. Jubeniletan Santamaria eta Kortabarria bikoteak 22-17 irabazi zion Aristi eta Diez bikote bergararrari. Partidua soraluzetarren alde hasi zen, 19-10 irabazten zihoazela, 19-16ra hurbildu zitzaien bergararrak baina azkenean Santamaria eta Kortabarria nagusitu ziren, 22-17 irabazita. Jubenil mailan Gorka Santamaria izendatu dute gainera, finaleko pilotaririk onena.

Final erreza Andreu eta Iruretararentzat

Nagusien mailan berriz Andreu-Irureta bikoteak, Zuazua eta Bolinaga, Arrasateko bikotearen kontra lehiatu zuen. Hasiera hasieratik beren nagusitasuna erakutsi zuten eta 22-7ko emaitzarekin, aise irabazi zuten Nagusi Mailako finala. Andreu izan da, epaileen ustez, finaleko pelotaririk onena.

Hurrengo urterako asmoak zehazten

Aurtengo emaitza onak ikusita, datorren urtean txapelketa honetako 3 mailetan (Kadete, Jubenil eta Nagusietan) lehiatzea jarri dute helburu eta bide batez, Herriarteko Txapelketan ere parte hartzen ahaleginduko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.