Ingurugiroaren arloa lantzen jarraituko dute Alkarrekin prozesuaren bigarren saioan

plaentxia_com 2013ko mai. 22a, 14:47

Gaur, 18:30ean egingo da bigarren bilera eta bertan, lehentasunezkotzat izendatutako bi lan ildoak -Natur Ondarea eta Kontsumo Arduratsua- garatzeko egin daitezkeen ekintzak proposatuko dituzte. Irudian: lehenengo saioko parte hartzaileak iritziak partekatzen

 

Alkarrekin prozesuaren bigarren bilera egingo da gaur, 18:30ean Antzokian. Honetan, joan den astean lehentasunezkotzat izendatutako bi lan ildoak –Natur Ondarea eta Kontsumo Arduratsua- garatzeko egin daitezkeen ekintzak proposatuko dituzte.

Natur ondareari dagokionez honako gaiak aipatu zituzten aurreko bileran:

1.     Mendi garbiketak eta auzolana sustatu

2.     Errekarekin kontaktua berreskuratu

3.     Mendibideak berreskuratu

4.     Basobidez iniziatiba indartu eta turismoa naturala sustatu.

5.     Geoparkearen inguruan aktibitateak egin eta bisibilizatu.

6.     Herri barruko aisialdiarako dauden zonak zaindu eta txukundu (ez dago lautadarik eta daudenak oso gaizki erabiliak dira.

Kontsumo arduratsuaren ildoari dagokionez beste hauek:

1.     Birziklapen-tasa igotzeko aktibitateak planteatu

2.     Jendearen ohiturak / kontzientziazioa (erosketa eta kontsumo arduratsua, zentzu zabalean, ez bakarrik alikagai eta arropen inguruan, baita energia, etxebizitzak…)

3.     Elikadura burujabetza sustatzeko aktibitateak planteatu.

Gaurkoan, goian proposatutako gaien lan ildoak aurrera eramateko proiektu zehatzak aztertuko dituzte eta parte hartzaile bakoitzak bere iritzia eman eta ekintza gehiago proposatu ahal izango ditu. Prozesua kudeatzen diharduen taldeak gainera, -MIK-, herrian arlo honetan diharduten eragileen -Zero Zabor, Bidetxior kontsumo taldea, Debegesa, Debemen, Mankomunitatea- ekarpenak jaso ditu, azterketa are eta osatuagoa egiteko asmoz.

Antolatzaileek, hausnarketa-saioetan parte hartzeko dei egin diete soraluzetarrei. Horretarako, komeni da aurrez udaletxean izena ematea (943753043 / alkatetza@soraluze.net).