Debegesa Garapen Agentzia, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkarte gisa, Ihobe-rekin elkarlanean, Birgaitze Jasangarrirako Ordenantza bat idazteko lanean ari da.
Ordenantza honek Debabarreneko eraikin eta etxebizitzen birgaitze lanetan jasangarritasuna bultzatzea du helburu, baita birgaitze jasangarria eraikuntzaren sektoreko profesional, gremio eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko erreminta gisa ikusaraztea ere.
Debegesako Hirigintza eta Birgaitze Saileko arduradun Esther Zarrabeitiaren hitzetan, “eskualde mailako Ordenantza bat egin nahi dugu, asmoa handikoa eta zentzuzkoa era berean, udal-teknikariekin landutakoa eta udal-politikariek onartua, epe ertainean Debabarreneko udaletxeetan onartua izan litekeena”.
Testuaren idazketa burutzeko lan-metodologia bat ezarri da eta lau lan-mahai eratu dira inplikatutako agente guztien partaidetza ahalbidetuz:
1. Udal-teknikariak.- Debabarreneko 8 udaletxeetako arkitekto, arkitekto tekniko, aholkulari juridiko edota bestelako udal-teknikariak, eskualdeko birgaitze-lanekin lotura dutenak.
2. Eraikuntzaren sektoreko profesionalak.- Arkitektoak, arkitekto teknikoak, dekoratzaileak, gremio-koordinatzaileak edota birgaitze lanekin lotura duten bestelako teknikariak.
3. Gremioak eta eraikuntza-enpresak.
4. Bizilagunen elkarteetako administratzaileak.
Honela, datorren maiatzaren 22an, asteazkenean, goizeko 9:00etan, bilera egingo da Debegesan eraikuntzaren sektoreko Debabarreneko profesionalekin (arkitektoak, aparejadoreak, dekoratzaileak, gremioen koordinatzaileak…), partaidetza bultzatu eta euren ekarpenak jasotzeko.
Ordenantzaren behin-betiko testua 2013 urtearen amaierarako prest egotea aurreikusten da. Helburua da etorkizunean eskualdeko udalerri guztietan martxan jartzea.
Proiektu hau Udalsarea 21-en Berringurumena Programaren baitan kokatzen da.
Debabarreneko Birgaitze Jasangarrirako Fitxak
2010az geroztik, Debegesa Garapen Agentziak birgaitze jasangarria bultzatzen dihardu. Epe honetan, besteak beste, 8 fitxa praktiko argitaratu ditu, birgaitze-lanak jasangarriagoak izan daitezen oinarrizko neurriak jasotzen dituztenak.
Fitxa hauek Debegesako webgunean daude eskuragarri: www.debegesa.com.