Ezozi Maiztegi: “Gipuzkoako hitzarmena lortu arte ez dugu atsedenik hartuko”

plaentxia_com 2013ko mai. 14a, 17:11

Maiztegi Mesedeetako Amaren egoitzako langilea da eta LABko ordezkari. “Oso pozik” dago egoitza kudeatzen duen Fundazioak langileei proposatu dien hitzarmenak jasotzen duenarekin baina Gipuzkoako egoitzetako langileek lan-baldintza parekoak izan ditzaten, ezinbestekoa ikusten du herrialdeko hitzarmena sinatzea. Ikusi elkarrizketa

 

Ezozi Maitezgi, egoitzako langile eta LABko ordezkaria

{mosimage}

 

Zer da zehazki, Fundazio batzordearekin adostu duzuena?

Uztailean iraungitzen da zaintza sektorearen hitzarmen kolektiboa. Espainiar Estatuak, Estatuko egoitzetan indarrean dagoen itzarmena aplikatu nahi digu eta hitzarmen honek, langileen lan-baldintzak zeharo okertzen ditu. Soldatetan 400 euroko jaitsiera aplikatzeko asmoa dute eta lanaldia 200 orduz luzatzekoa. Lan gehiago, diru gutxiagoren truke, eta hori ezin da onartu. Soraluzeko Fundazioarekin, herrialdeko hitzarmenik egon ezean, Estatuko hitzarmena ez aplikatzea adostu dugu.

Borroka luze baten emaitza izan da akordioa lortzea. Pozik?

Kalean dagoen borroka da oraindik zaintza sektorean hitzarmen duina lortzea. Astelehenetik ELAkoak Greba mugagabean daude eta LABk ere Greba egingo du maiatzaren 17, 24, 25, 29, 30 eta 31n. Soraluzen, zorte handia izan dugu egoitzaren kudeaketa Fundazio baten eskumena delako, eta adostasun batera heltzeko jarrera erakutsi dute hasieratik. Fundazio batzordearen bitartez Espainiako Estatuak ezarri nahi duen lan-erreforma saihestu dugu eta gainera, Diputazioak eskainitako diru partida batekin, lan-baldintza hobeen aldeko apustua egiteko proposamena onartu dute. Lasaiago eta itxaropentsu gaude, baina herrialdeko hitzarmena lortzea da orain gure erronka.

Zergatik da hain garrantzitsua?

Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza sektorea indartu eta langileen lan-baldintzak hobetzeko proposamenak egin dizkio bai Laresi eta baita Adegiri ere. Diputazioa prest azaldu da, egoitza baikotzeko diru-partida bat luzatu eta langileen lan-baldintzak hobetzeko baina ez dute onartu eta Espainiar Estatuak ezarri nahi dituen lan-erreformen alde daude. Bestetik gaude gu, eta gu bezala beste zortedun batzuk. Soraluzeko egoitza Fundazio batek kudeatzen du eta gogotsu jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiak luzatutako proposamena. Langile guztien lan-baldintzak parekoak eta duinak izan behar direla uste dugu eta hori lortze bidean, Gipuzkoako hitzarmen kolektiboa sinatzea ezinbestekoa da.

Zein urrats emango dituzue horretarako?

Greba Egunak zehaztuta daude eta gizarte presioa ezinbestekoa da. Diputazioak egindako proposamena onartzen ez duten egoitzetan elkarretaratzeak egingo ditugu eta Grebetan ere gero eta langile gehiago bat egitea espero dugu. Azken finean, denok batera, hitzarmen bakarrarekin indar gehiago izango dugu. Gipuzkoako langile guztiok merezi dugu bizi eta lan baldintza duin eta parekoetan aritzea.

Aitxitxa eta amamak dira, azken finean, kaltetu zuzenak. Zer diote eurek?

Argi dago zerbait igartzen dutela baina langile bezala, profesionaltasuna dago guztiaren aurretik eta inondik inora ez zaie arazoaren errudun egiten. Greba Eguna izan edo ez, egoiliarrak primeran daude zainduta eta aurrerantzean ere, geratzen dena gertatuta, eurekiko tratua zuzena, errespetuzkoa eta duintasunez betea izaten jarraituko du. 

 

Hitzarmena sinatzen

{mosimage}Atzo sinatu zuten ELA, LAB eta UGT sindikatuek Soraluzeko Fundazioarekin aurre-hitzarmena.