Ander Elortegi eta Jon Arano nagusi Soraluzen

plaentxia_com 2013ko mai. 14a, 15:10

Joan den barixakuan jokatu zen VII. Plazatik Gaztetxera txapelketako kanporaketa gaztetxean. 60 lagun afaltzen, arrakastatsu joan zen saioa; puntuetan Elortegi eta Arano nagusitu ziren eta Eneko Beretxinagak eta Maddi Gallastegik publikoaren saria jaso zuten. 

 

Soraluzen bertsoekiko zaletasun handia dagoela argi geratu zen, beste behin, Joan den barixakuan. VII. Plazatik Gaztetxera txapelketako kanporaketak jende andana batu zuen gaztetxean; 60 lagun elkartu ziren afaltzeko eta beste hainbeste gerturatu ziren bertso saioa entzutera. Gaztetxea jendez lepo zela ekin zioten bertsoak kantatzeari.

Umore ona nagusi, bertan aritu ziren Eneko Beretxinaga soraluzetarra eta Maddi Gallastegi; Paula Amilburu eta Maddi Ane Txoperena; Ander Elortegi eta Jon Arano eta Malen Amenabar eta Txaber Ormazabal. Unai Soraluze Toganok jarri zituen gaiak eta fin bete zuen gai-jartzaile papera, gai serio eta umoretsuak tartekatuta, saio interesgarria taularatu zuen.

Beretxinaga eta Gallastegi, publikoaren faborito 

Bertsolariak zortziko txikian hasi ziren kantuan eta zortziko handian gero. Ostean koplatan aritu ziren eta saioaren lehenengo zatiari bukaera emateko bakarka. Lehen zatia beteta, Ander Elortegik eta Jon Aranok jaso zituzten epaileen puntuak. Entzuleek ordea, nahiago izan zituzten Eneko Beretxinaga eta Maddi Gallastegi. Beraz, buruz-burukoa jokatu eta Elortegi eta Arano nagusitu ziren; 189,5 punturekin finalerdietarako zuzenean sailkatuta. 

Sari banaketaren ondoren, txalo artean laga zuten bertsolariek oholtza eta gau giro apartaz disfrutatzeko aukera paregabea izan zuten gaztetxera hurbildu zirenak.

Soraluzeko puntuazioa horrela geratu zen:

Ander Elortegi eta Jon Arano                                                189,5 (Finalerdietarako sailkatuta)

Malen Amenabar eta Txaber Ormazabal                             184,3

Paula Amilburu eta Maddi Ane Txoperena                           182,5

Maddi Gallastegi eta Eneko Beretxinaga                              168,5    

 

Azken kanporaketa Eibarren

Barixakuan, afalostean jokatuko da azken kanporaketa Eibarko gaztetxean. 19:00etan triki-poteoari ekingo diote eta 20:30ean izango da afaria. Tiketak 5 eurotan daude salgai, Depor, Karrika, Buenos Aires eta Manuel tabernetan.

Saioan lehiatuko diren bertsolariak:

Ion Mikel Mugika eta Aimar Goenaga

Odei Irigoien eta Imanol Lizarazu

Ander Elortegi eta Jon Arana

Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal

 

{mosimage}

{mosimage} 

{mosimage}

{mosimage}

{mosimage} 

{mosimage}