Denboraldi txukuna egin du ERREGIONAL PREFERENTEAK eta Promozioa jokatzeko aukerak azken momenturaino borrokatu ditu. Domekan lehiatu zen Getariako, taldeko buruaren kontra eta ondo gainera, 3-2 garaitu zituzten getariarrak. Ez zen hori ordea, Promozioa jokatu ahal izateko Preferenteek zuten baldintza bakarra; matematikoki sailkatzeko Ordiziak derrigorrean galdu behar zuen Lazkaoren zelaian. Zoritzarrez, lazkaotarrak garaituak izan ziren eta karanbolan, Preferentea Promozioa jokatzeko aukerarik gabe geratu da. Sailkapen orokorrean laugarren bukatu du denboraldia, 52 puntu batuta.
ERREGIONALAK ezin izan zion Beti Onak taldeari aurre egin. 1-5 galtzen zihoazela bi gol sartu zituzten plaentxiarrek baina hala ere, esfortzua ez zen nahiko izan eta 3-5 galtzen bukatu zuten norgehiagoka. Emaitza honek Gipuzkoako Kopatik kanpo laga ditu Erregionaleko mutilak.
INFANTIL NESKEN TALDEA berriz, fin aritu da Kopako txapelketan. Azken norgehiagokan Amaikak Bat taldeko buruaren kontra 0-0 berdindu zuen eta 21 punturekin, sailkapenean bigarren bukatu du denboraldia.
Nesken
Kadete taldea eta Mutilen Infantila lehian
KADETE NESKEN TALDEAK husna (0-0) berdindu zuen Bergararen kontra. Denboraldia bukatzeko partidu bakarra dute aurretik eta Aloña Mendi izango da Ligan, Kadeteen azken arerio. Plaentxiarrak azkenak dira sailkapenean, 2 puntu batuta.
Kopako Txapelketan aurrera egitea lortu du, bere aldetik, MUTILEN INFANTIL TALDEAK. Bigarren kanporaketako joaneko partidan 4-2 galdu du Zestoaren kontra; datorren asteburuan lehiatuko dute bueltakoa. Kopan, Sora eta Zestoarekin batera, San Patricio eta Antzuola taldeak daude aurrez-aurre lehian . Datorren asteburuan erabakiko da finalerako zeintzuk sailkatzen diren.
Afaria
ekainaren 15ean
Denboraldia agurtu eta egindako esfortzua saritu asmoz, Sora Futbol Taldeko afaria ekainaren 15ean izango dela aurreratu du Luki Hontangas lehendakariak. Bitartean, Nesken Kadete Taldea eta Mutilen Infantila izan ezik, gainontzeko taldeek oporretarako tartea hartuko dute.