Nagusien Egoitzako langileek Fundazioko batzordearekin akordioa lortu eta ez dute grebarik egingo

plaentxia_com 2013ko mai. 13a, 15:04

Gaur greba mugagabea hasi dute Gipuzkoako Nagusien Egoitzetako langileek, lan-hitzarmen “duinaren” alde. Soraluzen, Fundazioa kudeatzen duen batzordearekin aurre-akordioa lortu eta ez dute grebarekin bat egingo. Herrialdeko hitzarmenik egon ezean, Estatuko hitzarmena ez aplikatzea adostu dute. Sindikatuetako ordezkariak “pozik eta itxaropentsu” daude hartutako erabakiarekin. Irudian: Mesedeetako Amaren egoitzako aitxitxa-amamak, terrazan.

 

ELA eta LAB sindikatuek deituta, Greba mugagabea hasi dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. Espainiako gobernuak ezarri nahi duen lan erreformaren aurrean (soldatetan 400 euroko jaitsiera eta urteko lanaldia 200 orduz luzatzea) herrialdeko hitzarmen “duina” sinatzea exijitzen dute. Soraluzen, momentuz, Fundazioa kudeatzen duen batzordearekin aurre-akordioa lortu dute eta ez dute grebarekin bat egingo. Uztailetik aurrera Espainiako Gobernuak aplikatu nahi duen lan-erreforma ez aplikatzea adostu dute eta herrialdeko hitzarmena lortu ezean, Gipuzkoako Diputazioak proposatutako lan-hobekuntzak aplikatuko dituztela azaldu du Hiart Arluziaga, Fundazioko lehendakariak.

Langileak lasaiago

Ezozi Maiztegik, egoitzako LABko ordezkariak, langileak lasaiago daudela argitu du: “Fundazioaren bitartez Espainiako Estatuak ezarri nahi duen lan-erreforma saihestu dugu eta gainera, lan-baldintza hobeen aldeko apustua egiteko proposamena onartu dute. Lasaiago eta itxaropentsu gaude, baina herrialdeko hitzarmena lortzea da orain gure erronka”.

Gaur eguerdian sinatuko dute aurre-akordioa, egoitzako berrogei langileri eragingo diena.