“Mugi sistemaren helburu nagusietako bat garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzea da“

plaentxia_com 2013ko api. 26a, 16:15

(Publi-elkarrizketa)Mugi txartelaren inguruan galdetu diogu Larraitz Ugarteri -Gipuzkoako Foru Aldundiko garraio diputatua-. Mugi sistemak ekarri dituen abantailez eta sortu diren arazoez berba egin dugu. Irudia: Larraitz Ugarte.

Bada hilabete baino gehiago Mugi tarifa-sistema bateratua martxan jarri zela Gipuzkoako garraio publikoan. Nola baloratzen du prozesua Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak?

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan oso pozik gaude proiektuarekin, Gipuzkoako garraio publikoko sare lehiakorra, bateratua, bidezkoa eta iraunkorraren aldeko apustu handia delako.

Noski, proiektua diseinatzea eta kudeatzea ez da erraza izan, eta lan handia egin behar izan dugu goitik behera aldatu behar izan dugulako Gipuzkoako garraio publikoaren sistema. Baina zailtasunak gainditu ditugu eta egun, garraio publikorako tarifa-sistema bateratua duen EAEko lehen lurraldea gara.

{mosimage}

Zer nolako harrera egin diote herritarrek Mugi sistema berriari?

Gure iritziz, herritarrek begi onez ikusi dute Mugi sistema berria; harrera ona egin diote, gehien bat, tarifa-sistema berriak eskaintzen dizkien onurengatik. Mugi sistema garraio guztietarako euskarri bakarretik haratago doa, izan ere, deskontu handiak eskaintzen dizkie garraio publikoa gehien erabiltzen dutenei, garraiobide ezberdinetan egindako bidaiek kostu berdina izan dezatela bermatzen du, garraiatzaile berarekin egindako garraio-aldaketak doakoak dira eta deskontuak eskaintzen ditu ezberdinekin egindakoetan, eta hobariak eskaintzen dizkie talderen bateko erabiltzaileei baldintza oso onuragarrietan bidaia dezaten.

Horri guztiari esker, Gipuzkoako garraio publikoa gero eta lehiakorragoa da eta kalitate handiagokoa, eta herritarrek asko eskertzen dute hori.

Mugi sistema ezartzeko prozesuan, zer nabarmenduko zenuke?

Dudarik gabe, proiektu honetan parte hartu dugun guztion lan gogorra. Gehienek dakizuenez, Mugi sistemaren helburu nagusietako bat garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzea da, eta gehien bat, zailtasun gehien dituztenei laguntzea, taldeentzako hobarien bidez. Horretarako, errenta-eskakizun bat ezarri dugu, zehazki, talde jakin bateko erabiltzailearen errentak ezin du 2,5ez gainditu IPREM adierazlea. Hori egiaztatzeko, banan-banan aztertu behar dira erabiltzaile guztien kasuak.

Gainera, ahalegin handia egin dugu herritarrei arreta emateko. Horrela, 80.000 kontsulta baino gehiago kudeatu dira erabiltzaileei arreta emateko zentroetan, eta 35.000 txartel berri baino gehiago inprimatu eta bidali dira, horietako 15.396 taldekoak eta 12.227 arruntak. Lan horri esker, dagoeneko 180.000 txartel baino gehiago erabili dira Mugi sistema berrian, horiek guztiak tarifa-sistema bateratuaren nobedade eta onurekin: tarifa-sistema eta eremuak bereizteko sistema komunak, erabileraren araberako deskontuak, garraio-aldaketak baldintza onetan eta talde komunak.

Esan daiteke, hortaz, Mugi proiektua talde-lanaren emaitza dela?

Zalantzarik gabe. Mugi asmo handiko proiektua da, handiegia bakarrik burutu ahal izateko. Zentzu horretan, erakundeen (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udalak) eta garraiatzaileen lankidetza ezinbestekoa izan da.

Gainera, garraiatzaileek egindako ahalegina eta lana azpimarratu nahiko nuke, ibilgailuak eta azpiegiturak Mugi sistema berriari egokitu behar izan dituztelako. Oso lan ona eta eraginkorra egin dute, eta horri esker, Gipuzkoako 360 autobus baino gehiagok eta Euskotreneko eta Renfeko 59 geltokik dagoeneko badituzte Mugi txartelak ezeztatzeko makinak.

Orokorrean, garraiatzaileek ez dute izan sistema berrira egokitzeko arazorik, eta azkar egokitu dira. Eibar falta zaigu, baina horretan ari gara. Euskotreneko makinak eguneratu gabe daude, eta horregatik ezin da horietan Mugi txartela erabili. Euskotrenek eta Eusko Jaurlaritzak arazo hori lehenbailehen konpontzea espero dugu, Mugi errealitate bihur dadin Gipuzkoa osoan.

Zergatik ez daude Gipuzkoako garraio guztiak Mugi sisteman?

Agintaritzak lan egin du zerbitzu publiko guztiak Mugi sistema berrian egon daitezen, baina oraindik badira hainbat udal zerbitzu sisteman parte hartzen ez dutenak, ez sistemari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, baizik eta arrazoi instituzional edota teknikoengatik.

Mugi sistema ezartzeko prozesua luzea eta zaila izan dela esan duzu. Zeintzuk izan dira bidean aurkitutako zailtasun nagusienak?

Zailtasun nagusia aldaketa bera izan da; aurreikusi ezin diren hainbat gairi aurre egin behar izan diogu. Mugi ezartzeko prozesua behar bezala burutu arren, bai herritarrek bai eragindako eragileek denbora behar izan dute sistema berriari egokitzeko.

Epe horretan, aldez aurretik aurreikusi ezin daitekeen beharra sortu zen herritarren aldetik: informazio-eskaera masiboa. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan berehala antzeman genuen behar hori, eta horregatik, hasiera batean informazioa emateko aurreikusitako zerbitzuak indartzea erabaki genuen.

Horrela, informazio-gune ibiltariak jarri genituen Gipuzkoako hainbat herritan, herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko. Gune ibiltari horietan 20.000 lagun baino gehiagoren galderak erantzun dira, eta 6.000 eskaeratik gora izapidetu.

Aldi berean, indartu egin genituen Mugi sistemaren informazioa emateko gainerako bideak, hala nola, Easo kaleko (74. zk) Bezeroei Arreta Emateko Bulegoak, 943 000 117 telefonoa eta www.mugipuzkoa.com web orriaren bidez egindako kontsultak.

Azkenik, Mugi sistemako sareko saltokietan egindako lana eta ahalegina azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, 19.770 txartel izapidetu dituzte saltzaileek eta herritarrei informazioa eskaini diete, eskuzabaltasun osoz.

Hilabete honetan, zer esana eman dute gazteen taldean suertatutako arazoek edota txartelak Kutxabankeko sarean ezin kargatu izanak. Azalduko diguzu zer gertatu den?

Arazoak izan ditugu alor horietan, bai, baina dagoeneko arazorik gehienak konpondu ditugu. Gazteei dagokienez, talde jakin batekoak direnez, egiaztatu behar dute beren errenta-eskakizunak ez duela 2,5ez gainditzen IPREM adierazlea, eta datu hori egiaztatzeko baimena eman behar dute. Arazoa, zehazki, hauxe izan da: ezin izan dela egiaztatu, Ogasunarekin inongo harremanik ez edukitzeagatik, Gipuzkoako Foru Ogasunaren datu-basean erregistratu gabe zeuden gazteen errenta. Ondorioz, gazte horien txartelak blokeatu egin ziren, eta Mugi arrunta txartela bidali zitzaien, eskakizuna betetzen ez zutelakoan.

Egoeraren berri izan bezain pronto, Agintaritzak arazoa konpondu eta aipatutako txartel horiek desblokeatu zituen. Horrela, aipatutako erabiltzaileek bi txartelak erabili ahal izango dituzte, denbora batez.

Kutxabanki dagokionez, banku-erakundeak ez du bete Mugi sistemako txartelak bere sarean kargatzeko epeak betetzeko konpromisoa. Horrek atzerapenak eragin ditu, eta horrenbestez, martxoaren 18a arte ezin izan dira Mugi txartelak Kutxabankeko kutxazainetan kargatu.

Zentzu horretan, eta arazo hori Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eskumenetik kanpo badago ere, barkamena eskatu nahi diegu erabiltzaileei horrek eragin ahal izan dizkien eragozpenengatik.

{mosimage}