Martxan da Debabarrenako Enplegu Plana

plaentxia_com 2013ko api. 15a, 16:40

Enplegua sustatzeko Enplegu Plana jarri dute abian Debegesak eta Debabarrenako Udalek. Plan honek hainbat prestakuntza ikastaro espezializatu, kontratazioak eta autoenplegua sustatzeko proiektuak jasotzen ditu, langabeei zuzenduta. Bestalde, hamasei lagunek eman dute izena udalak antolatu duen formazio-programan. Gaur hasi eta ekainera bitartean, egunean lau orduko eskolak jasoko dituzte. Irudian: lehen eskola saioa

 

Debabarrenean “enplegu aukerak sortzeko” eta “eskualdeko jarduera ekonomikoa” bultzatzeko garatu dute Debegesak eta Elgoibar, Eibar, Deba, Mendaro, Mutriku eta Soraluzeko Udalek elkarlanean, Enplegu Plana. Plan honek kontratazioak eta prestakuntza ikastaroak jasotzen ditu, langabeei zuzenduta; eta diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten lagunek izen-ematean lehentasuna izango dutela aurreratu dute. 

Debabarreneko Enplegu Plana Lanbidek eginiko deialdiaren baitan kokatzen da. Lehendabiziko fasean, 2012ko irailean hasitakoa, diagnostiko sozioekonomikoa eta eskualdeko lan-merkatuaren azterketa egin zutela zehaztu dute. Fase honetan, udal-ordezkariekin batera, udaletako langileria teknikoak, agente sozialek, ikastetxeek eta enpresa eta arlo ekonomikoan diharduten ordezkariek parte hartu zuten.

Fase hau bukatuta, proiektu konkretuak definitu dira, 2013an gauzatuko direnak. Hala nola, prestakuntza ikastaroak, kontratazioak eta autoenpleguaren sustatzea.

Dependentziadun pertsonak artatzen ikasten

Soraluzeko eta Eibarko langabezi tasa altua dela ikusita, Enplegu Planak, bi proiektu jasotzen ditu bereziki Eibarren ezartzeko (prestakuntza eta kontratazioa) eta beste proiektu bat Soraluzen garatzeko (prestakuntza). Hain zuzen, gaur hasi da Soraluzeko langabetuendako antolatu den formazio-programa. Hamasei lagunek eman dute izena eta ikastaroa 300 ordukoa izango da. Dependentziadun pertsonak artatzen trebatzea du helburu. Izena eman dutenek ekainera bitartean, egunean lau orduko eskolak jasoko dituzte, Sartu elkartearen eskutik.  

Langabeei zuzendutako ikastaroak

Debegesaren arabera, Debabarreneko eskualdean langabezian daudenen %70a kualifikaziorik gabeko pertsonek osatzen dute, hau da, lehen mailako edo batxilergorainoko ikasketak dituzte.  Lan aukerak handitze aldera, Enplegu Planak 9 prestakuntza ikastaro espezializatu eskainiko ditu langabezian dauden 129 pertsonentzako. Ikastaroak apirila eta iraila bitartean eskainiko dira eta hautagaien aukeraketa Lanbidek egingo du.

Ikastaroak ondorengo hauek dira:

-Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. (18 plaza)

-Eraikuntza sektorean lan-esperientzia duten pertsonen prestakuntza. (15 plaza)

-Ibilgailu hibrido-elektrikoen interbentzioa. (12 plaza)

-Automatizazio industrialeko sistemen proiektuen garapena. (12 plaza)

-Nazioarteko merkataritzako prestakuntza teknikoa. (25 plaza)

-Animaliekin lagundutako interbentzioetan Teknikari eta Aditua. (10 plaza)

-Merkataritza sektorearen rekualifikazioa. 6 lagunen prestakuntza eta kontratazioa (Eibarko proiektua)

-Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. 16 plaza. (Eibarko proiektua)

 Izen-ematea zabalik

Ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa da Debabarrenean bizitzea edo bertan erroldatuta egotea, eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Informazio gehiago nahi duenak, Eibar (943 127 239) edota Elgoibarko (943 744 425) bulegoetara jo dezake edota www.lanbide.net ataria kontsultatu.

Autoenplugua bultzatzen

Enplegu Planak autoenplegua eta enpresa berrien sorrera bultzatzeko asmoa ere badu. Horretarako, Debegesak eragileei laguntza eskainiko die negozio-ideiaren analisia, bideragarritasun azterketa eta txosten ekonomiko-finantzarioa egiterako orduan, eta aholkularitza ere eskainiko die enpresa-proiektua martxan jarri dezaten, hala nola, eman beharreko pausoak, laguntza eta diru-laguntzen gaineko informazioa, finantzazio formulak, itunak…. Informazio gehiago: www.debegesa.com edo 943 200110 telefonoan.