Gaztetxokoa zapatuan zabalduko da

plaentxia_com 2013ko api. 10a, 15:29

Udalak eta Kukumixo Aisialdi Taldeak elkarlanean gauzaturiko Gaztetxoko proiektuak zapatu honetan (apirilak 13), 17:00etan zabalduko ditu ateak. Nerabeei zuzenduta dagoen Buah txabal! antzezlana, eta “sorpresa ugari “antolatu dituzte inaugurazio ekitaldirako. Bereziki, 12-16 urte bitarteko gazteak gonbidatu nahi dituzte festan parte hartzera. 

 

 

 

Kiroldegiko ganbaran kokatuta dagoen Gaztetxokoak zapatuan, apirilak 13, arratsaldeko 17:00etan zabalduko ditu ateak eta ekainaren 30era bitartean, domekero zabalduko da, 17:00etatik 20:00ra. Pil-pilean Euskara Elkarteak hartuko du beregain Gaztetxokoaren kudeaketa, zehazki, Kukumixo Aisialdi Taldeko bi begirale izango dira gazteak nahi dituzten ekintzak sustatu eta antolatzeaz arduratuko direnak. Arduradunek Gaztetxokoaren helburua zein den argi dute “gazteak maiz arazo gisa ikusi izan dira gizartean eta gure asmo nagusia subjektu aktibo gisa kokatu eta haiekin osatutako gune aske bat eraikitzea da”. Datozen hilabeteetan hezkuntza ez-formaletik abiatutako  aisialdi eskaintza euskalduna plazaratuko dute, beti ere “gazteekin lana eginaz eta gazteek dituzten problematikak ardatz hartuta”. Elkarbizitzarako ohiturak adostea eta irteerak planifikatzea izango dira, besteak beste, hasierarako erronka nagusiak.

Inaugurazio ekitaldi berezia

Festa giroan zabalduko da Gaztetxokoa zapatuan arratsaldeko 17:00etan. Jon Zubiaga aktoreak, Unai Iturriagak idatzitako “Buah txabal!” antzezlana taularatuko du lehenengo eta jarraian, jana, edana eta “sorpresa ugari” izango direla aurreratu dute arduradunek.

 

“Buah Txabal!” antzezlaneko SINOPSIA

{mosimage}Garikoitz Kortabitarte, goitizenez Beti, hogei urte bueltako gazte bat da. Bere goitizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: mugikorra galdu du. Zergatik da, ordea, mugikorra galtzea halako tragedia Betirentzat? Garikoitzek horren zergatia kontatzen digun bitartean, euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia muturreko baten lekuko egingo gaitu.