Garitagoitiaren senitartekoek baieztatu digute, urtero joan izan direla -Domusantu egunean- Gernikako hilerrian loreak lagatzera. Sabin Garitagoitia, Itxarkundia batailoiko gudaria, Legutio bataila ezagunean -Orisol mendian- zauritu ostean, Gernikan hil zela azaldu digute. G. Ondarza ere -izena ez dute gogoan-, Itxarkundia batailoiko gudaria, halatsu hilko zela uste dute, haren gorpua ere Gernikan lurperatu baitzuten. Ondarzatarrak Agarrebolu baserrikoak ziren -gaur egun senideak Zarautzen bizi omen dira-, eta aipatutako gudariaren anaia gaztea erreketeek eraman omen zuten frentera -bere borondatearen kontra-, eta hura ere hilik suertatu omen zen. Bere gorpuzkinak Soraluzeko hilerrian omen daude, hildako erreketeen gorpuzkinekin batera, “Muertos por dios y por la patria” lelopean.
Irati Sarasua Arabaolaza. Gernika-Lumo. / BERRIA
HEZURREN HAUTSA
Gernika-Lumoko hilerrian sekretu asko gorde dituzte. Bonbardaketan hildakoen omenez egindako mausoleoan ez daude soilik bonbardaketan hildakoen gorpuak.
Panteoi baten atzean egon ziren gorpuak ezkutatuta, urteetan.
Gernika-Lumon lurperatutako gudariak
Euskal Herriko historiaren zati bat dago gordeta Gernika-Lumoko
hilerrian. Sartu bezain laster, bisitariak parez pare aurkitzen du
bonbardaketan hildakoen omenez jasotako mausoleoa; bere
handitasunean, herriak urteetan pairatutako mina azaldu nahi du.
Apirilaren 26an elkartzen dira han, urtero, erakunde publikoetako
ordezkariak, min hori ez dela ahaztu azaltzeko. Baina mausoleo horren
barruan zer dagoen inork ba al daki? 1937ko apirilaren 26ko
bonbardaketan 300 herritar inguru hil ziren, baina haien hezurrik ia
ez dago hilerrian; ikerlarien esanetan, 30 gorpuren hezurrak soilik
daude mausoleoan. Eta, gainera, guztiak ez dira bonbardaketan
hildakoenak.
Denboran atzera egin behar da mausoleoak
gordetzen dituen sekretu horiek guztiak ezagutzeko. Jose Angel
Etxaniz Txato eta beste hainbat herritar, Gernikazarra
elkartean batuta, herriaren historia ikertzen aritu dira urteetan,
baita hilerriko gorabeherak ere. Frankismoak Bizkaian, Gernika-Lumon
bereziki, utzitako ondorioak aztertu dituzte. Galdera guztien giltzak
ez dituzte aurkitu, eta zenbaiten erantzunak inoiz ezingo dituztela
azaleratu uste du Etxanizek, baina topatu dituzte erantzun
batzuk.
Gernika-Lumoko hilerria bi zatitan banatua dago;
ezkerreko aldean hilerri zaharra dago, eta eskuinean berria, 1962an
eraikia. Hilerria egin aurretik, denbora luzez belardi bat izan zen
eremu hori. «Oroitzen dut haurra nintzenean, gerra garaian, belardi
horretan jolasten aritzen ginela. Han gorpuak lurperatuta zeudela
ikusten genuen, baina ez genion garrantzirik ematen. Ez genekien zein
ziren. Baina estali gabe zeuden», azaldu du Etxanizek.
Urte
batzuen buruan, ikertzen hasitakoan, jakin zuten zendutako gerrako
presoak zirela belardi hartan lurperatuak zeudenak. Preso
errepublikarrak. Horri buruz ikertzen hasi ziren arte inork gutxik
zekien Gernikan presoentzako eremu bat egon zela, eta bazela ospitale
militar bat ere. Soldadu asko, beraz, han hil eta Gernika-Lumoko
hilerrian lurperatu zituzten. Gerran hildako 270 pertsonaren gorpuak
lurperatu zituzten hilerrian, zehazki; hilerriko plaka batean daude
jasoak haien izen-deiturak.
Etxanizen arabera, haietako
hamarren senideek soilik dakite han lurperatu zituztela. Ez zituzten
fusilatuta hil, gehienak gosez hil ziren, edo gaixoturik, beren
herrira itzuli ezinik. «Hiltzen zirenean, goizeko ordu txikietan
eramaten zituzten hilerrira, zaborraren organ, inork horren berri ez
izateko. Horregatik, inork ez zuen jakiten zer gertatu zen, ezta
norbait hil zen ere. Frankistak oso katolikoak baziren ere, hildakoak
hilerritik kanpo lurperatzen zituzten», zehaztu du Etxanizek. Gerora
hilerria zabaltzeko erabiliko zuten belardian lurperatzen zituzten,
lur santutik kanpo.
Baina horiek ez dira Gernikaren
historia kontatzen duten hildako bakarrak. Frankistek Gipuzkoa hartu
zuten garaietara joan da Etxaniz, 1936ko udazkenetik 1937ko negura.
Gipuzkoar askok Bizkairako bidea hartu behar izan zuten,
frankistengandik ihesi. Askok Gernikara jo zuten. Donostia frankisten
esku geratu zenean joan zen jende gehien. Eusko Jaurlaritza sortu
berriak hiru batailoi antolatu zituen, beraz, Gernika-Lumo aldean,
iheslari asko pilatu baitziren bertan; Loiola, Itxarkundia eta Saseta
izenak hartu zituzten batailoiek.
Gerran hildako gudariak
lurperatzeko ez ezik, beren herrietatik ihes eginiko gipuzkoarrek ere
behar zuten hildakoak lurperatzeko leku bat; beraz, Bizkaian
errefuxiatuta zeuden Gipuzkoako udalerrietako ordezkarien artean lur
zati bat erosi zuten Gernikako hilerrian. Han lurperatu zituzten
gudan hildako gipuzkoarrak, elkarrekin, baita zibil batzuk ere.
Eta
han egon ziren 1958an frankistek gorpuak ateratzeko agindua eman
zuten arte. Hala galduko ziren haien izenak eta arrastoak,
lurperatzailearengatik izan ez balitz. Gorpuak lurpetik atera bai,
baina beste leku batera ezkutuan eraman zituen. Gainera, urte haietan
hildako gudari guztien izenak zerrenda batean jarri zituen, hilerrian
lurperatuta zeuden beste herritarrekin batera. Harengatik gorde da
hilerrian lurperatutakoen izen zerrenda. Eta ez zituen gudarien
izenak soilik apuntatu; bonbardaketan hildakoen izenak ere jaso
zituen. Gorabehera handien ostean, zerrenda hura berregitea lortu
zuten Gernikazarrako kideek. Udal artxibategiko agirian ezabatuak
zeuden. Berreskuratu zituzten izenak, baina geroztik norbaitek
ezabatu zituen, berriro.
Hala ere, hilerrian nortzuk lurperatu
zituzten jakitea zor zaio ehorztaileari, eta baita hildako gudariek
leku hartan jarraitzea ere. Hezurrek urte asko igaro zituzten panteoi
baten atzeko hiru metro koadro inguruko lurraren pean gordeta. Inork
gutxik zekien zer zegoen han, baina herritar batzuek bazuten hango
berri, eta laster lore sorta bat azaldu zen.
Gaur egun
oraindik ere lore sorta bat egoten da lur hartan. Eta bi plaka daude
inguruan. Sistiaga'tar Patxi eta laguneri. Guk oroimena. Jainkoak
saria, dio batak. Nork jarria den ez da ezagutzen, baina han
dago, hildako gudariei omenaldi egiten. Itxarkundiako gudariei
besarkada bat idatzia du beste plakak. Azken horrek
sinadura du: Libe Garitagoitia. Plakak berak dio Sabin Garitagoitia
Larrañagaren omenez jarri zutela. «Gaztetxoak ginenean jakin
genuen gudariak hor zeudela; sekretuan joaten ginen bertara lagunak»,
azaldu du Etxanizek.
1987an, Gernika-Lumoko Udalak
bonbardaketan hildakoak omentzeko ekitaldia egin zuen. Baina «hanka
sartzea» egin zuela uste du Etxanizek: «Bonbardaketan hildakoen
gorpu gutxi zeudenez, gudan hildakoenak hartu zituzten, kutxa
betetzeko». Panteoi berean sartu zituzten bonbardaketan hildakoen
hezurrak eta lur azpi hartan urte luzez egondakoenak. Eduardo
Txillida eskultoreak egindako plaka jarri zioten gainean. Ordurako
hezur gutxi zeudela nabarmendu du Etxanizek. Lurrak azido asko
edukitzearen ondorio dela pentsatzen du. Hezurrak hirutan
lekualdatzeak ere eragina izango zuela erantsi du.
Orain,
mausoleoan
Baina ez zen hor amaitu hezurrek egindako
ibilbidea. Batetik bestera eramaten aritu ostean, 1995ean
Gernika-Lumoko hilerriaren sarreratik ikusten den mausoleora eraman
zituzten. Bonbardaketan hildakoak omentzeko eraikinean, beraz, ez
daude bonbardaketan hildakoen gorpuzkinak bakarrik, Etxanizen
esanetan. Gudan hildakoenak ere han daude.
1995ean, mausoleoa
egin zutenean, Etxanizek berak eraman zituen hezurrak leku batetik
bestera. Ekitaldia egin zuten, baina orduan ere bere bitxikeriak izan
ziren. «Eskerrak aurretik hezurrak zituen kutxa hartzen saiatu
ginen, kutxa ez baitzen mausoleoko bidean sartzen. Egun hartan
ordezkari asko zeuden, eta hori besterik ez genuen behar». Saiatu,
eta, kutxa ez zela sartzen ikusita, ekitaldiaren egunean beste era
batera egiteko aukera izan zuten. Orain mausoleoaren ondoan da
Txillidak 1987an panteoiaren gainean jartzeko egindako plaka,
bonbardaketan hildakoak omentzen dituena. Kanpai handi bat du; horixe
jotzen dute urtero, bonbardaketa oroitzeko.
Franco diktadoreak
Erorien Harana eraiki zuenean, Madril aldean, gorpuak behar zituen
panteoi erraldoia betetzeko. Hezurrak eta gorpuak falta, ordea, eta
ordura arte beste hilerrietan egondako hezurrak eramateko agindu
zuen. Baita fusilatuta hildako jendeenak ere. Gernikako hilerriaren
kasuan, ez zituzten frankisten gorpuak eraman; Gernika-Lumoko
hilerrian jarraitzen dute horiek, gurutze handi baten azpian, denek
batera. Baina Gernikazarreko kideek aurkitutako paper batek zehazten
du hainbat gorpu eta kutxa eraman zituztela Herorien Aranera. Baina
kutxa horietan zer zegoen inork ez daki gaur egun. «45 gorpuren
hezurrak barnean zituen kutxa bat», eta horren gisako esaldiak
baitaude idatzita orrialde horretan. Beraz, zer eraman zuten
militarrek hilerritik? Zer lurperatu zuten Erorien
Haranean?
Gernikako hilerriko lurperatzaileak egindako
zerrenda hartan agertzen diren hildakoen senide gehienek ez dakite
hezurrak Gernika-Lumoko hilerrian egon direla, eta oraindik ere
bertan egon daitezkeela haietako batzuk. Hezurrak atzera eta hezurrak
aurrera ibili ondoren, ezin da seguru jakin zenbat gorpurenak dauden.
Haien izenak gordeak gelditu dira, ordea.
Gernika-Lumon lurperatutako gudariak
J. Agote. Bermeo
J. V. Aizpurua. Deba
L.
Alkorta. Donostia
D. Alustiza. Legazpi
J.
Alustiza. Legazpi
J. Alzua. Pasaia
I.
Andonegi. Donostia
A. Anzuola. Zarautz
P.
Aranbarri. Berriatua
J. Arizmendi. Azkoitia
F.
Azkordabe. Gernika-Lumo
L. Basurto. Pasaia
H.
Bilbao. Bergara
J. Cobeño. Donostia
J.
M. Cortes. Zumarraga
A. Domingo. Hernani
J.
Elberdin. Pasaia
L. Elorza. Bergara
S.
Espinosa. Donostia
E. Etxaburru. Ondarroa
A.
Etxaniz. Donostia
M. Ezkurra. Donostia
E.
Fernandez. Zumaia
J. Fernandez. Arrasate
T.
Galdos. Arrasate
M. Garate. Azkoitia
S.
Garitagoitia. Soraluze
E. Goitisolo.
Gernika-Lumo
E. Illarramendi. Usurbil
J.
M. Insausti. Legazpi
J. Irastorza. Gabiria
A.
Iruretagoiena. Donostia
M. Iturbe. Arrasate
J.
Izagirre. Azkoitia
F. Lagarraga. Donostia
J.
M. Larrañaga. Azkoitia
J. Larrarte. Zarautz
D.
Larrinaga. Amorebieta
C. Lauzirika. Gernika-Lumo
J.
J. Lazkibar. Zumaia
N. Letamendi. Oñati
J.
Mitxelena. Eibar
J. Oiarbide. Pasaia
G.
Ondarza. Soraluze
F. Prieto. Pasaia
E.
Sagarna. Sestao
P. Salaberria. Ajangiz
F.
San Vicente. Errenteria
J. Santamarina. Gallarta
P.
Segurola. Pasaia
F. Sistiaga. Donostia
E.
Ugarte. Oñati
J. Urbieta. Azpeitia
D.
Urbistondo. Urrestilla
M. Uribetxeberria.
Eskoriatza
T. Urizar. Gabiria
F.
Zabaleta. Aretxabaleta
R. Zabaleta. Urretxu
P.
Zubillaga. Donostia
I. Zugazola. Azkoitia
Gernikako gazte batzuek Lobak proiektua jarri dute martxan eta bertan ere ageri dira izenok:
https://www.facebook.com/lobak.ekimena