Horrekin batera adierazi du etxea merkaturatzeko laguntzak eskaintzea administrazioari ere badagokiola baina horretarako udal eskumenak "oso mugatuak "direla. Hori dela eta, "guztion artean Jaurlaritzan eragin beharra" azpimarratu dute; "beraien lehentasunak ere bide honetan kokatu daitezen". "Etxejabe zein maizterren eskubideak bermatuko dituen alokairu sistema" indartzen joatea da udal gobernuaren helburua.
Bereziki azpimarratu nahi izan dute errekarguaren borondatea ez dela inondik inora udaletxeko diru sarrerak handitzekoa, "eta benetan poztuko ginateke datorren urtean errekargua kobratzeko garaian kopurua jeitsiko balitz".
Etxe hutsen jabeek udaletik jasoko duten informazio-gutuna:
Soraluzeko Udalaren 2013. urterako Ordenantza Fiskalak ohiko egoitza ez diren etxebizitzentzat %75eko errekargua ezartzen dio Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren kuota garbiari, Udal zergen esparruan zenbait aldaketa egiten dituen uztailaren 4ko 4/2012 Foru Arauaren 1. art.-n oinarrituta.
Erabaki hau udalerrian hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatzeko helburuarekin hartu zen. Beste modu batera esanda, hutsik dauden etxebizitzak penalizatzea, etxebizitza bat hutsik edukitzea ohitura bihurtu ez dadin, eta, ahal den neurrian, etxe horiek merkatura irten daitezen saiatzea.
Ondoren zehazten den etxebizitzaren jabea zara. Aipatu etxebizitza ez da inoren ohiko etxebizitza, bertan ez baitago inor erroldaturik.
Kobrantza-iragarkia, apirilaren 15 eta 20 artean.
Borondatezko kobrantza, maiatzaren 15 eta uztailaren 2 artean.
Neurri hauen eragina jasan behar duzuen guztion ulermena eta ahalegina eskertuz, agur bat.
Alkatea,
Hiart Arluziaga Ariznabarreta.
Udal gobernutik adierazi dute "udaletxeko ateak zabal-zabalik" daudela inork gaiarekin lotutako kezka edo eskaeraren bat baldin badauka.