Barixakuan aurkeztu zuten Dolmenen Ibilbidea Debegesa Garapen Agentzian, Eibarren,. Ekitaldian izan ziren Roke Akizu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria; Hiart Arluziaga, Soraluzeko Alkatea; Blanca Salegi, Elgoibarko Udaleko Kultura Teknikaria; Juanje Amasorrain, Bergarako Udaleko zinegotzia; Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko Idazkari Nagusia; eta Debegesako Turismo Arduraduna, Cristina Iturriagagoitia.
{mosimage}
{mosimage}
Bisita gidatuak eta tailerrak
-
Dolmenen Ibilbideak, PR-Gi 94 izendapenarekin, 20 kilometro dauzka Karakatetik Agirreburura bitarteko mendigaina zeharkatuz, eta Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotzen ditu. Ibilbidea sustatu eta ezagutzera eman asmoz eta inguruneaz gozatzeko antolatutako ekimen batean parte hartu nahi dutenentzat, jarduera programa bat diseinatu da. Batetik, bisita gidatuak egingo dira Karakate-Irukurutzeta mendilerroan, iaz Debegesa garapen agentziak eta Debanatura elkarteak elkarrekin abiatutako “Arbasoen Deia” proiektuari jarraipena emanez, eta bestetik, haurrak dituzten familiei zuzendutako tailerrak egingo dira.
Programa Aste Santuan hasi eta urrira bitartean burutuko da. Guztira 4 bisita gidatu eta 4 tailer egingo dira.
Lehendabiziko bisita gidatua martxoaren 30ean egingo da, goizeko 10:00etan, Karakateko aparkalekutik hasita. Izena emateko Debegesara deitu daiteke, 943 82 01 10, edota Debanatura elkarteko telefonora, 943 19 11 72/695 78 36 56 (azken eguna izena emateko, martxoak 29, ostirala). Prezioa: 10 euro.
Gure ondare naturala eta gure historia ezagutzeko helburuarekin lehendabiziko aldiz datozen bisitariei zuzenduta daude bisita gidatuak, baina baita bertako herritarrei ere, ingurua aski ondo ezagutzen dutenak baina beste begi batzuekin deskubritu nahi duten horiei. Bisitak 3 orduko iraupena du eta gida espezializatu baten laguntzarekin gure arbasoen ezagutzan sakondu ahal izango dute bisitariek: gertaera garrantzitsuak, artzaintzaren hastapenak eta bilakaera, bizimodua, sinesmenak, arrastoen interpretazio eta datuak, indusketen ondorioak…
Bestalde, jarduera-tailerrak 4-12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei daude zuzenduta. Izaera ludikoa dute tailerrek, jolasean ikastea dute helburu. Tailer hauek gure arbasoak nola bizi ziren ulertzeko balioko dute, euren biziraupen eta ehizarako teknikak, sinesmenak, artzaintza-lanak…
{mosimage}
Elosu-Plazentziako estazio megalitikoa
Dolmenen Ibilbideak daukan balio handienetakoa arkeologikoa da, Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa osatzen duten dolmen eta tumulu multzoak Euskal Herriko arkeologia orokorra, eta bereziki Deba bailarakoa aztertzerakoan, garrantzia handia du. Estazio megalitiko honen historiaurreko ondarea Bergara, Azkoitia, Antzuola, Elgoibar eta Soraluzeko udalerrietan sakabanatuta dauden 16 monumentuk osatzen dute gaur egun (10 tumuluk eta 6 trikuharrik). Monumentu horietako gehienak J.M. Barandiaranek aurktiu zituen, 1920tik 1921era bitartean, eta berak induskatu zituen, T. Aranzadiren eta E. Egurenen laguntzatz, 1921etik 1922ra. Zoritxarrez, monumentu horietako gehienak espoliatu egin zituzten, lehenengo ikerketak egiten hasi aurretik.
Duela gutxi, Aranzadiko Historiaurreko Arkeologia Sailak eskuhartze arkeologiko bat egin du Arribiribilleta monumentu megalitikoan, bere ezaugarriak ezagutzeko asmoz.
{mosimage}
Arribiribilletako dolmena zutik jartzeko asmoa
Aranzadiren iritziz, historiaurreko monolito bat da argi eta garbi. Antzemandako zantzuek adierazten dute zutik egon zela, eta azaleramendu gainera erori zenean (eraitsita edo berez erorita) hautsi egin zuela hura.
Indusketa arkeologikoa egin ostean, monumentu megalitikoa nola kontserbatu eta mantendu behar den aztertzen ari dira. Halaber, Arribiribilletako dolmena berriro ere zutik jartzeko asmoa dago.