Materia organikoa jasotzeko sistema martxan da dagoeneko

plaentxia_com 2013ko mar. 21a, 18:54

Guztira, 894 familiak eman dute izena, kopuru osoaren %57ak. Horrela, Soraluzek Debabarreneko izen-emate mailarik altuena lortu du, alde nabarmenarekin. Irudia: herritar bat bosgarren edukiontzia erabiltzen.


Azken datuen arabera, Soraluze da Debabarrenean izen-emate mailarik altuena lortu duen udalerria. Hona hemen herrietako datuen arteko konparaketa:

%57 Soraluze

%45 Elgoibar

%28 Eibar

Ermua (daturik ez)

*Iturria: Soraluzeko Udala.

 

Udalak zabaldutako oharrak

Udalak jakinarazi du joan zen astean atarietako kartelak jaso zituztela baina bakarren bat jaso barik gelditu bada, udaletxera eramateko eskatu die herritarrei. Dagoeneko hasi dira etxez-etxe materiala banatzen eta beste egun batzuk beharko omen dituzte banatu beharreko guztiak banatzeko. Udal gobernuak “lehenengo fase honetan pazientzia izateko” eskatu die izena eman duten herritarrei, eta izena eman ez dutenak “animatu” ditu.


Oraindik ere izena emateko aukera dagoela. Horretarako, udaletxeko harrerara edo udaltzaingora jo behar da. Horrekin batera, Artelatz etxez etxeko kitean banatutako poltsa biodegradagarriak amaitutakoan, berriak eskuratzeko udaletxeko harrera zerbitzura jo beharko dela ohartarazi dute.


Mankomunitateak espero baino datu altuagoa

Mankomunitateak adierazi duenez, soraluzen jasotako datuak espero baino altuagoak izan dira, bailarako batazbestekoa - %40a - baino 15 puntu altuagoak. Izan ere, Debabarrenean bosgarren edukiontzia ezartzea erabaki duten herriak lau dira: Ermua, Eibar, Elgoibar eta Soraluze -Mallabia, Mendaro, Deba eta Mutrikuk atez ateko sistema ezartzeko interesa erakutsi dute eta sistema horren bideragarritasuna ezagutzeko azterketa eskatu diote mankomunitateari-.