“Udako abenturak” udalekuetan izen-ematea zabalik

plaentxia_com 2013ko mar. 21a, 18:09

Euskaratik eta euskaraz, uztailerako lau abentura berri proposatu dituzte Txatxilipurdi, Jardun eta Pil-pilean Euskara Elkarteek. Zerain, Garaion, Zingira-Orio eta Kosta ala Kosta udalekuak 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Izen-ematea Pil-pileanean egin daiteke, maiatzaren 10a baino lehen.

{mosimage}Lau abentura berri aurkeztu dituzte Jardun, Txatxilipurdi eta Pil-pilean Euskara Elkarteek uztailerako. Haur eta gazteei, “kalitatezko aisialdi hezitzailea” eskaintzea da antolatzaileen nahia, iparra, euskararen erabileran eragitea izanik. Hizkuntza oinarri hartuta, udako abenturetako egun “magikoak” balioetan hezteko aprobetxatu nahi dituzte. Hezkidetza, aisialdi ez kontsumista, gazteen autonomia eta naturaren zaintza izango dira, aurtengo eskaintzan bereziki landuko dituzten baloreak.

Lau opor aukera, hiru adin tarterendako

Zehazki, Zerain, Garaion, Zingira-Orio eta Kosta ala Kosta udalekuek osatuko dute aurtengo eskaintza, 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daudenak.

ZERAIN (9-12 urte)

1txanda: uztailaren 8tik 15era

2txanda: uztailaren 15etik 22ra

9-12 urteko gaztetxoek Zerainera joateko aukera izango dute. Goierriko eskualdean  aurkitzen den herri txikia da Zerain eta bertan, guneak eta naturak eskaintzen duten parajeaz gozatuko dute elkarrekin. 40 lagunentzako 8 eguneko bi txanda antolatu dituzte. Prezioa: 275 euro

GARAION (12-14 urte)

1txanda: uztailaren 9tik 18ra

12-14 urte bitarteko gaztetxoek, Garaionera joateko eta naturarekin gozatzeko aukera paregabea izango dute. Sormenaren giltzari eragitea da asmo nagusia. 25 lagunentzako txanda bakarra egongo da. Prezioa: 275 euro

ZINGIRA – ORIO (12-14 urte)

Bigarren urtez jarraian, Zingira kanpineko zuhaitz artea izango da Zingira-Orio abenturako abiapuntua. Jolasak, lagunak, irteerak, gaubelak… 12-14 urte bitarteko Arrasateko gazteek izango dute lehentasuna udaleku hauetan izena ematerako orduan. Prezioa: 275 euro.

KOSTA ALA KOSTA (14-16 urte)

14-16 urte bitarteko gazteek, abentura ibiltaria izango dute zain, kosta ala kosta! Arabatik Gipuzkoara, mendiz mendi, itsasoaren lasaitasunean amaitzeko! Tartean, tailerrak, lagun arteko jolasak, ezagutza berriak, landa eremuan praktikak… . Prezioa: 275 euro. 

 

Eman izena Pil-pileanean!

Udaleku guztiak 275 euroko prezioa dute. Familia ugaria dutenek edo Jardun, Txatxilipurdi edo Pil-Pilean Euskara Elkarteko kideek %5eko beherapena izango dute. Biak betetzen dituenak, %10ekoa. Datozen egunetan udalekuen informazio guztia jasotzen duten eskuorriak banatuko dituzte eskoletan. Izena emateko idatzi euskara@pilpilean.com edo deitu 943 751304 telefonora. Azken eguna maiatzaren 10a.