Debabarreneko Stop Kaleratzeak plataformaren mozioa onartu zuen udalbatzarrak

plaentxia_com 2013ko mar. 11a, 10:20

Udalak konpromezua hartu du, kaleratuak izan diren edo arriskuan dauden herritarrei laguntzeko. PSE-EE eta Bilduren aldeko zazpi bozkekin eta EAJren abstentzioarekin onartu da mozioa. Irudia: Plataformako ordezkariak.

Mozioak, hipoteken arauen aldaketa presaz onartzeko eskaera tramitatzea proposatzen die plataformak udal gobernuari eta Espainiako Gobernu eta Gorteei, eta herritarren etxe-desjabetzea gelditzeko hartu beharreko neurriak hartzeko exijitzen du. Horrekin batera, desjabetzeak ezartzen dituzten finantza erakundeekin harremanak eteteko, arriskuan dauden herritarrei laguntzeko eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko konpromezua hartu du udalbatzarrak. PSE-EEk eta Bilduk mozioak jasotzen dituen proposamenen alde bozkatu zuten, EAJ abstenitu egin zen, mozioak, kaltetuei laguntzeko lan-talde baten sorrera eskatzen duela eta hori praktikara eramatea “zaila” ikusten duela argudiatuta.

{mosimage}

Beste hainbat erabaki

Kaleratzeen aurkako mozioaarekin batera, beste hainbat gairen inguruko erabakiak ere hartu zituen udalbatzarrak; hileta zibilen aldeko ordenantza, Mesedeetako Amaren egoitza fundazioko estatutuen zaharberritzea, PSE-EEk aurkeztutako mozioak gizarte-babeserako zerbitzu publikoen alde eta udal autonomiaren inguruan, azkenik, martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, udalaren adierazpen instituzionala jasotzen zuena. Urgentziazko gai moduan sartu zuten Alzheimerraren inguruan AFAGIk aurkeztutako adierazpen instituzionala, eta hau ere aho batez onartu zuten alderdi guztiek.

 

{mosimage}

Irureko uren arazoa mahai gainean

Bi orduko saioaren ostean, eskari eta galderen tartea iritsi zen. EAJk bere “poztasuna” agertu zuen, udal gobernuak kiroldegi gainean taberna bat zabaltzea aztertzeko baliabideak jarri behar dituela eta. PSE-EE alderdiak berriz, Irure auzoko lanei buruz galdetu zion Bilduri, zehazki, 2002-2003 urte bitartean (EAJren agintaldia) AP1a konpontzeko esleitutako baimenen gainean. Bere garaian Iruren egin zen eskonbrera Aldundiaren baimenarekin egin ote zen eta errekatxoa estaltzea ahalbidetzen zuen txosten teknikorik existitzen den azaltzeko ere eskatu zuen. Horrekin batera, arazoari irtenbidea aurkitzeko egitasmorik baden galdetu zuen. Udal gobernuaren izenean Roke Akizuk hartu zuen hitza, eta baimenak nork eman zituen eta nola esleitu ziren aztertzen dihardutela jakinarazi zien bertaratutakoei; udalak “erantzukizunen bat” izan dezakeela ohartaraziz.

 
{mosimage} 

Luis Plata: “ Pareta jauzi eta hildakoak egon daitezke”

Udalbatzarrera gerturatutako herritarren artean, Luis Plata, Iraolaetxeberria baserriko jabea zegoen, eta berak hartu zuen hitza. Platak errekatxoa bideratzeko lanak noiz egingo diren eta nork egingo dituen azaltzeko eskatu zien udal ordezkariei. Azken euriteen ostean gertatutako luiziek kalte larriak eragin omen dituzte Irure auzoan, eta bere haserrea agertu zuen, arazoari aurre egiteko hartu diren neurriekiko: “Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro gastatu ditu kalteok konpontzen eta arazoari ustezko irtenbidea ematen, baina errekatxoa bideratu ezean, arrisku bizian gaude Irure auzoko bizilagunak” ohartarazi zuen. Lehenebailehen proiektu “erreal” baten diseinua egitea eskatu zuen eta erantzukizunak norenak diren argitzea; bere ustez, arazoari lehentasuna eman ezean, “datozen hilabeteotan suertatu daitezkeen euriteen ondorioz, euspen-horma jauzi eta hildakoak egon daitezke”. Udal-gobernuak gainontzeko alderdiekin elkarlanean jardungo duela azaldu eta “arduraz” jokatzeko asmoa erakutsi zion Platari.