Futboleko azken jardunaldia ez da Soraren faborekoa izan. Igoera Fasean lehiatzen duen ERREGIONAL PREFENTEREAK bina berdindu du Antzuolaren aurka (2-2). Momentuz 33 puntu dituzte eta zazpigarrenak dira sailkapenean. Datorren asteburuan Eibartarrak-en aurka lehiatuko dira. Talde eibartarra Sora baino postu bat beherago dago sailkapenean, 29 puntu batuta.
ERREGIONALAK berdinketarekin joan ziren Ikasberriren aurkako partidutik (1-1). Datorren asteburuan Bergara izango dute aurkari. Plaentxiarrak bergararrak baino postu bat gorago daude; bosgarrenak dira sailkapenean, 6 puntu batuta. Bergarak 5 puntu ditu, seigarrena da sailkapenean.
JUBENILAK Eibatarrak-en zelaian jokatu dute eta 4-2ko emaitzarekin, punturik lortu gabe bueltatu dira etxera. Datorren jardunaldian taldeko bigarrena den Aloña Mendiren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Oñatiarrek puntu ugari dituzte, 17 guztira. Sora bosgarrena da sailkapenean 7 punturekin.
KADETE MUTILEN taldeak alde handiaz galdu zuen etxean Zestoaren aurka (0-6). Datorren asteburuko norgehiagoka samurragoa izango dela dirudi, taldeko azkena den Aurrera B-ren kontra neurtuko dira. Sora ez dago askoz hobeto, azkenurrena da sailkapenean, 3 puntu batuta.
KADETE NESKEN taldeak Santo Tomas Luberri talde donostiarra hartu zuen Ezozin, 2-5, kanpokoentzat izan ziren puntuak. Nesken Kadete taldeak estreinatu gabe du oraindik puntuen markagailua eta ondorioz, azkenak da sailkapenean. Datorren asteburuan bergararren berdegunean neurtu beharko dituzte indarrak.
INFANTIL MUTILEN taldeak ez zuen zorte handirik izan, Antzuolak 2-6 mingarriaz garaitu zuen Ezozin. Hala ere, sailkapenaren erdialdeari eusten dio, 24 punturekin taldeko bosgarrena da. Datorren asteburuan Mundaizen zelaian jokatuko dute. Donostiarrak Sora baino bi postu beherago daude, 14 punturekin zazpigarrenak dira zerrendan.
NESKEN INFANTIL taldeak denboraldiko lehen puntua eskuratu du, Zumaiakori bana berdinduta (1-1) eta sailkapenean laugarren kokatu da. Datorren asteburuan Zestoa hartuko du Ezozin.
Andreu
eta Aldape finalera
Zoriontzeko moduko Liga jokatu dute Soraluze Pilota Klubeko Nagusiek. Aurreko barixakuan 22-11 Maeztuko bikoteari Euskal Herriko Ligako finalerdiak irabazita, barixaku honetan (martxoak 8) Amezketako bikotearen aurka lehiatuko den finala jokatzeko pasea eskuratu zuten Andreuk eta Aldapek. Norgehiagoka arratsaldeko 19:00etan hasiko da Bergarako frontoian.
Nagusiek ez ezik, gainontzeko pilotariek ere emaitza ezin hobeak izan dituzte azken jardunaldian. Alebinek 16-14 irabazi zieten Goierriko ordezkariei; Jubenilek 22-15 Zestoako bikoteari. Infantiletan Legazpiko ordezkariak agertu ez eta 18 tantoak soraluzetarrentzat izan ziren. Aldeko norgehiagokak beraz, Soraluzeko Pilota Klubeko taldeentzat.