Elkarlana estutu eta elkarrekin ekimen gehiago antolatzeko gogoa adierazi dute hezkuntzako eragileek

plaentxia_com 2013ko mar. 4a, 18:25

LOMCE legearen inguruko kritikak eta herri-curriculumaren inguruko eztabaidan ekarpen mamitsu asko egin zituzten. Hezkuntza komunitateko eragileak elkarrekin batu izana oso modu positiboan bakoratu dute parte hartzaileek. Irudia: Moderatzailea eta hizlariak.

Hezkuntzaren inguruko gogoeta egiteko asmoarekin antolatu zuen udaleko Hezkuntza Batzordeak joan zen martitzenean “Hezkuntza plazara” mahaingurua. Horretarako mahaiaren bueltan jarri zituzten; Arantza Mata (Plaentxi ikastetxeko ikasketa-burua), Elena Imaz (Istitutuko zuzendaria), Amaia Argarate (LAB Hezkuntza ordezkaria), Maite Kintanilla (Ikasle Abertzaleak taldeko kidea) eta Larraitz Lakuesta (Gurasoa), Unai Txurruka herritarra moderatzaile zutela. Hiru gai nagusi hartu zituzten gogoetagai: hezkuntza, LOMCE eta curriculuma. Mahainguruaren amaieran denek azpimarratu zuten mahainguruaren emaitzarekiko balorazio positiboa eta etorkizunean ere gogoetaren bideari jarraitzeko borondatea.

{mosimage}

Hezkuntzaren definizio zabala oinarritzat

Moderatzaileak hezkuntzaren inguruko definizioaz galdetuta, hizlari bakoitzak bere ekarpenak egin zituen. Hizlari bakoitzak modu onean onartu zituen besteak egindako ekarpenak eta hezkuntza berbaren definizioa osatzeko hainbat ikuspuntu mahaigaineratu zituzten: “hezkuntza pertsonaren garapen integral moduan ulertu behar dela”; “bizitza osoan luzatzen den prozesua dela”; “gizarte guztiaren ardura izan behar duela”; “gure kultura transmititzeko tresna nagusienetakoa dela”... eta antzeko ikuspuntuak mahaigaineratu zituzten. Hala ere, mahainguruko eztabaida hezkuntza formala edo arautuaren inguruan zentratzea erabaki zuten.


LOMCEren aurka aho batez

LOMCE, alderdi popularreko Wert ministroaren lege-proposamena ere izan zuten eztabaidagai. Oso gogor kritikatu zuten hizlari denek, eta denak bat etorri ziren, legeak “atzerapauso izugarria” ekarriko lukeela esaterako orduan. Besteak beste salatu zuten: “euskara bigarren mailako hizkuntza izatera pasatuko dela”; “zuzendariari erabateko boterea emango zaiola”; “irakasgai kontzeptualak neurririk gabe bultzatuko direla”; “hezkuntza premia bereziak dituzten umeak sistematikoki baztertuko direla”; “karga ideologiko izugarria duela”... Elena Imaz zuzendariak esaterako, “urteetan irakasleek egindako lana bertan behera lagako duela” ohartarazi zuen. “Elkarbizitza eta hezkidetza helburu guztiak bertan behera geldituko direla” salatu zuen Arantza Matak. Larraitz Lakuestak, guraso moduan; “ikasleak produkziorako erreminta huts bihurtzea” deitoratu zuen. Kintanillak eta Argaratek ere, “eskola porrotaren aurkako neurritzat aurkeztu arren, Werten proposamena alderdi polularrak hezkuntza españolizatzeko duen estrategiaren baitan kokatu behar dela” zehaztu zuten.

{mosimage}

Herri-curriculumaren norabidean jarduteko borondatea

Herri-curriculumaren gaia izan zen hizlarien artean iritzi ezberdin gehien eragin zuen gaia. Herri-curriculuma helburutzat ezartzearen egokitasuna baino, erritmoa eta garatzen joateko modua izan zen eztabaida sortu zuena. Ikastetxeetako ordezkariek, herri-curriculumaren gaia “poliki-poliki” landu beharreko bidea zela ohartarazi zuten, “komunitate osoaren inplikazioa eskatzen duena”. Horren harira, Euskal Aratusteen inguruan egindako lanaren garrantzia azpimarratu zuten, eta elkarlanean oinarritutako ekimen gehiago abiatzeko “abiapuntua” izan daitekeela aipatu zuten.


IA, LAB eta gurasoen ordezkariek ere goraipatu zuten aratusteetako ekimena, baina horrekin batera, herri-curriculuma lantzeko pauso gehiago emateko premia azpimarratu zuten. Lakuestak, bere aldetik, “ikastetxeen eta gurasoen artean komunikazio falta somatzen dela” azaldu zuen. Azkenik, publikoan zeuden guraso eta irakasleen aldetik (25 inguru), hainbat ekarpen egin zituzten; Orioko ikastetxean landutako esperientzia, gurasoak hezkuntza-prozesuaren parte sentiarazteko beharra... Azken honen harira, Plaentxi herri-ikastetxeko zuzendariak, datozen hilabeteotan, ikastetxearen egitasmoa aurkeztuko duela eta berau garatzeko lan talde iraunkorra sortzeko asmoa duela aurreratu zuen.