“Presoak ateratzen hasten direnean sortuko den egoerari aurre egin beharko diogu” Harrera

plaentxia_com 2013ko mar. 5a, 12:27

Hainbat preso ohien ekimenez sortu dute Harrera Elkartea. Presoak -gatazka politikoarekin zerikusia dutenak- kalera ateratzen direnean izaten dituzten “zailtasunak gainditzen laguntzea” da elkartearen helburu nagusia. Irudia: Juan Carlos Iholdi eta Jon Ugarte Zinkunegi Harrerako ordezkariak.

{mosimage}Joan zen eguenean egin zuen aurkezpena Harrera Elkarteak Soraluzen. Juan Carlos Iholdi eta Jon Ugarte Zinkunegi preso ohiek azaldu zutenez, “urte asko preso egin dituzten pertsonek, eguneroko bizimoduan integratzeko zailtasunak izaten dituzte. Preso hartu zuteneko eta irtetean aurkitu duten gizarteak ez du zerikusirik izaten”. Hori dela eta, elkarteak “harrera, aholkularitza juridikoa eta lan merkaturako sarbidea” errazten laguntzea izango du helburu. Hain zuzen, “presoei laguntza mediku eta psikologikoa eskaintzeko hainbat medikuk sortu zuten Jaiki Hadi elkartearen lana osatzera datorrela” uste dute.


“Mentalitatea aldatu behar dugu”

Iholdiren esanetan, “arazo hau gizartearen arazoa da. Etorkizunean, presoak kalera ateratzen hasten direnean, ezer gabe aterako dira asko eta asko, batzuk egoera psikologiko kaxkarrean, eta egoera horri aurre egin beharko diogu, bai gizarteak eta baita instituzioek ere”. Harrera elkartearen datuen arabera: 1977tik 8.000 pertsona izan dira preso, euskal gatazka politikoa dela eta.


Elkartea 2012ko apirilean jarri zuten martxan eta azken hilabeteetan herriz herri elkartea ezagutzera emateko aurkezpenak egiten dihardute. Horrekin batera, alderdi politikoekin, eragile ekonomikoekin eta erakundeekin ere batu dira, eta harrera ona jaso omen dute. “Lehen gure etsai zirenekin berba egiten dugu orain. Borroka armatua amaitzeak garai berri bat zabaldu du eta mentalitatea aldatu behar dugu”. Orain arte, alderdi popularra izan omen da bilera egiteari uko egin dion eragile bakarra.


Herritarren elkartasunaren beharra

Hizlariek azaldu zutenez, Harrera Elkarteak herritarren elkartasuna beharko du bere jarduna garatu ahal izateko. “Baina ez da diru bilketa arrunta izango. Jasotako dirua, zuzen-zuzenean egoerarik larrienean dauden presoei laguntzeko izango dela” ohartarazi dute. Ekarpenak egiteko kontuak honakoak dira:


Kutxa: 21010006450128333291

Euskadiko Kutxa: 30350092510920053599

Caja Rural: 30080203882564558613