Eibar, Elgoibar eta Ermuara ailegatu ostean, iritsi da edukiontzi marroia Soraluzera. Debabarreneko Mankomunitateak biohondakinak jasotzeko 26 edukiontzi jarriko ditu herrian. Udaleko eta mankomunitateko arduradunen esanetan, "sistema oso erraza da erabiltzeko: izena ematen duenak behar dituen materialak jasoko ditu etxean: ontzi marroia, poltsa konpostagarriak -ez dute balio ohiko plastikozko poltsek, informazio-orri bat, eta kaleko edukiontzi marroia irekitzeko giltza". Izan ere, edukiontzi marroiek sarraila dute, eta izena eman duten pertsonek bakarrik jaurti ahal izango dute zaborra bertara.
Helburua: kalitatezko konposta
Sistemaren helburua; jasotako biohondakinekin kalitatezko konposta egitea da. Mankomunitatearen datuen arabera, bataz beste, etxe bakoitzean sortzen den hondakinen %43a organikoa da, eta behar bezala bereizi, poltsa konpostagarrietan sartu eta edukiontzi marroietara botaz gero, konpost (ongarri) bihur daiteke. Bota daitezkeen hondakinen zerrenda honakoa da: landare-jatorriko hondakinak (frutak, barazkiak, lekaleak, pasta eta arroz hondakinak, loreak eta abar), animali jatorrikoak (haragia, arrautzak, arraina, itsaskiak eta dagozkien azalak edo hezurrak), sukaldeko papera, ezpain-oihalak eta paperezko zapiak, arrautza-ontziak, kafe-iragazkiak, ogi hondarrak, kortxo naturalak eta txotxak…
Izen-ematea
Izena ematea martxoak 5ean zabalduko da (martitzena), eta martxoaren 12ra bitartean izango da zabalik. Etxe-atarietan jarriko diren informazio-karteletan eman dezakete izena, edo, bestela, 943.67.02.49 telefono zenbakira deituta (bulego ordutegian). Udal gobernuak gogorarazi du, “herritarren partaidetzari esker biohondakinekin ongarri modura erabiliko den konposta egingo dela, ingurumena hobetuz”.
Udal gobernua: “dei egiten diegu soraluzetarrei parte hartu dezaten”
Udal gobernuak idatzia kaleratu du, ezarriko den sistema berriaren gainean duten iritzia jakinarazteko. Bilduk, “birziklapen tasa hoberenak ematen dituen sistemaren alde egiten jarraituko duela” adierazi du. Udal gobernuaren iritziz, “aukeratu behar badugu gauzak ondo egitearen edo erdipurdiz egitearen artean, nahiago dugu ondo egitea, eta ondo egitearen ondorioa errauskailurik ez jartzea bada, zer esanik ez!”.
Idatzian azaltzen duenez, bilduren udal gobernuak “ez da bilketa sistema honen kontra jarriko”, alderantziz, “dei egiten diegu herritarrei bertan parte hartzera”. Horrekin batera, ohartarazten du, “konformatu ere ez gara egingo 5. Kontenedoreak jarri direla eta. Guretzat helburua ez delako 5. Kontendorea jartzea (EAJk etengabe esaten diharduen moduan) baizik eta ahalik eta gehien birziklatzea”. Gainera, udal gobernuak aurreratu du martxoko lehen kanpainaren ostean, “bitarteko berriak ipintzeko ahalegina” egingo duela, “ahalik eta herritar gehienek” organikoa bereizteko sistemarekin bat egin dezaten. Beraz, beharrezkoa bada, udal gobernua prest dago 5. edukiontziaren inguruko kanpaina gehiago antolatzeko, eta horrekin batera, herritarrei autokonposta zein auzo konposta egiteko “aukerak errazten” ere ahaleginduko direla jakinarazi dute.