Herrian bosgarren edukiontzia ezartzen hasi da mankomunitatea

plaentxia_com 2013ko ots. 25a, 10:59

Hondakin organikoak jasotzeko edukiontziak ezarri ditu mankomunitateak herriko hainbat lekutan. Bilketa-sisteman izena emateko epea martxoaren 4tik aurrera zabalduko dela jakinarazi du udalak. Irudia: Txurrukara bidean ezarritako edukiontzia.

 

Urtarrilaren 2an onartu zuen mankomunitateak -EAJ eta PSE-EEren gehiengoarekin- Debabarreneko herririk gehienetan 5. edukiontzia ezartzeko aurrekontua. Hondakin organikoak jasotzeko sistema hau bailarako herririk gehienetan ezarriko dute – Elgoibarren eta Eibarren dagoeneko martxan da -, baina ez guztietan, Mutriku, Deba eta Mallabin atez ateko sistema ezartzeko asmoa dute eta. Gainera, hiru herriok eskatuta, bailara mailan atez-ateko sistema ezartzeak izango lukeen kostuaren azterketa burutu du mankomunitateak. Ordea, azterketak emandako emaitzen berririk ez dute eman oraindik.

 

EAJren oharra

Soraluzeko EAJk ohar baten bidez zabaldu du bere iritzia. EAJren esanetan,“edukiontzien sistema, erosoagoa eta garbiagoa da, eta udalak pairatzen duen egoera ekonomiko larria kontutan edukita, askoz ere merkeagoa”. Horrekin batera, soraluzetarrak birziklapenaren alde lan egitera animatu ditu Soraluzeko EAJk. Gogoratu behar da, legegintzaldiaren hasieran EAJ eta PSE-EEk lortutako adostasunari esker, Iker Aldazabal dela -EAJkoa- Soraluzek mankomunitatean duen ordezkaria.