Aho batez onartu da aurrekontu egitasmoa oposizioaren emendakin eta guzti

plaentxia_com 2013ko ots. 7a, 10:34

EAJk eta PSE-EEk "kanpo enpresen kontrataziorako" diru-partida murrizteko emendakina onartu zuten aurrekontuaren bozketa egin aurretik. Ondoren, aurrekontuaren bozketan, denek eman zuten aldeko bozka eta pozik azaldu ziren emaitzarekin.Irudia: Bozketa unea.

 

Oposizioko alderdiek azken momentuan aurkeztutako emendakin partzialaren bozketarekin hasi zen udalbatzarra. Emendakin horretan, EAJ eta PSE-EEk proposatu zuten, “kanpo-enpresen kontrataziorako ezarritako partidatik 21.000 euro inbertsiotara bideratzea” eta kiroldegi-gaina eta umeendako parkeak konpontzeko erabiltzea. Azken orduko proposamena aztertzeko ordu laurdeneko tartea hartu ostean egin zen bozketa. EAJren eta PSE-EEren aldeko sei bozkekin eta Bilduren aurkako bostekin, emendakina onartu egin zen.

{mosimage} 

Oposizioak aurkeztutako emendakinean aipatu ez arren, alkateak adierazi zuen “emendakinaren helburua ahokulariaren kontrataziorako bideratutako dirua beste zeregin batzuetarako bideratzea zela”, eta hori esatearekin batera, ohartarazi zuen, bozkatuko zen aurrekontu-egitasmoak, bere baitan aholkulariaren kontratazioa jasotzen jarraitzen zuela. Ondoren, bozketa egin zen, eta aho batez onartu zen aurrekontua.

{mosimage} 

EAJ pozik aurrekontua aho batez onartu zelako

EAJ oso pozik azaldu zen aurrekontuak aho batez onartu izanagatik; “urteetan pasatu ez dena lortu dugu aurten”. Aldazabalen esanetan , “gerra egoerako aurrekontuak dira eta kanpo-enpresen kontrataziorako partidan izan den 21.000 euroko gehikuntza izan da nobedaderik garrantzitsuena”. Emendakinaren bitartez aipatutako diru-kopurua inbertsioetara pasatu ostean, aurrekontuen alde egitea, “erantzunkizunez eta koherentziaz jokatzea izan dela” adierazi zuen. Horrekin batera, bi galdera zuzendu zizkion udal gobernuari; lehenengoa, aholkulariaren kontrataziorako diru-partidaren gainekoa: “2011. urtean partida aldatzea onartu zenuten, eta aurten zergatik ez?”. Eta bigarrena, udalak Aldundiari itzuli beharreko diruaren ingurukoa: “Zela egin behar diogu aurre Aldundiari egin beharreko 185.000 euroko ordainketari?”. Arluziagak, lehenengo galderari erantzunez, azaldu zuen, iaz aholkulariaren proposamena bertan behera lagatzeko arrazoia, oposizioarekin gehiago lantzeko asmoa izan zela”. Bigarrena berriz, 2012ko” balantzea erabat amaitutakoan aztertu beharreko kontua” izango dela aipatu zuen.

{mosimage} 

PSE-EEk egokitzat jo du aurrekontua

PSE-EEko ordezkariek aurrekontua oso murriztua izanda, beste emendakinik ez aurkeztea erabaki zutela azaldu zuten. Borinagaren esanetan, oposizioak aholkulariaren kontratazioaren aurkako jarrera zilegia da, “Bilduk ez du gehiengo absoluturik, eta oposizioak egoki iruditzen zaizkion emendakinak aurkezteko eskubidea du”. Horrekin batera, adierazi zuten, aholkularia kontratatzeko udal gobernuak erabilitako argudioekin ez datozela bat. Udal gobernuak aholkulariaren kontratazioa “ez-negoziagarritzat izendatu arren, hala ere, eurak proposatutako emendakinak aurrera egin zuenez” aldeko bozka ematea erabaki zutela azaldu zuten.

   

Alkateak aholkulariaren kontratazioarekin aurrera egiteko asmoa

Alkateak argi laga nahi izan zuen hasieratik, aholkulariaren kontratazioarekin aurrera egingo dutela. Aholkulariaren kontratazioa, “ilegalizazioaren ondorioz hartu behar izan duten ezohiko erabakia izan zela” gogorarazi zuen, eta “ilegalizazio estrategiarekin bat egitea” egotzi zion EAJri: “EAJk hasieratik ulertu du zergatik kontratatu dugun aholkularia baina nahiago izan du gaia guri eraso egiteko erabiltzea. Gainera EAJk eta PSE-EEk behin eta berriz erabili dute aholkulariaren figura, guk proposatzen duguna baino kostu handiagoarekin gainera. Horregatik, hipokrita iruditzen zaigu”. Gainera, gaiaren inguruan adostasuna lortzeko egindako ahaleginari “joku mediatiko zikinarekin” erantzun izana leporatu zion oposizioari, “urte guztian ez duzue ekarpen bakar bat ere egin eta gaur antzerki hutsa egin duzue, aurrekontuari ezezkoa emateko ausardiarik ez zenutelako”. Kontuak kontu, Arluziagak ere bere “poza” azaldu zuen, “eurak proposatutako aurrekontuak” onartu direlako, eta “herritarrekin batera gure aurrekontuan jasotako egitasmo guztiekin aurrera egiteko asmoa” adierazi zuen. Aurrekontuetan jasotako hainbat egitasmoren berri eman zuen eta garatzen diharduten politikari esker legegintzaldi amaierarako zorrak %45 egingo duela behera, eta datozen urteetan, berriz ere inbertsioetarako dirua izatea espero dutela.

Erregetxeko aparkalekuentzako ordenantza onartu da

Aurrekontu-egitasmoaren bozketaren ostean beste hainbat mozio eta puntu landu ziren; Udal Gobernuak Erregetxeko TAO aparkalekuak arautzeko aurkeztutako ordenantza (aho batez onartua), Espainiako banderari buzuzko mozioa, EAJk Kontzejupean plaka bat jartzeko eskatuz aurkeztutakoa (EAJ alde, PSE-EE eta Bildu aurka), PSE-EEk pentsioen murrizketa salatzeko aurkeztutako mozioa (PSE-EE eta EAJ alde eta Bildu abstentzioa), eta azkenik, Bilduk Mankomunitateko zaborraren kuota zabor kopuruaren araberakoa izan dadin eskatuz aurkeztutakoa (aho batez onartua).