Astelehenean aurkeztu zuten egitasmoa udaletxeko batzar aretoan. Hogeiren bat merkatari (tartean tabernari batzuk) batu ziren, eta entzundakoaren arabera, gogo onez hartu dute udalaren eta Bizikaleren arteko elkarlana. Alkateak adierazi zuenez, egitasmoak 20.000 euro inguruko kostua izango du, eta %70a, Jaurlaritzatik lortutako dirulaguntzaren bitartez finantzatuko da.
Galdetegia betetzeko eskaria herritarrei
Prozesua kudeatuko duen IE-TEAM enpresako Ainara Muga ordezkariak azaldu zuenez, lehenengo fasea diganostikoarena izango da. Horretarako, datozen egunetan herritarren kontsumo ohituren eta iritzien berri jasotzeko galdetegiak banatuko dira. Lagina egokia izan dadin, esparru eta adin ezberdinetako herritarrengana joko dute: jubilatu, guraso, gazte... Horrekin batera, udaletxean ere jarriko dute eskuragai galdetegia, edozeinen eskura. Ordezkariek prozesuan parte hartu eta galdetegia bete dezaten eskatzeko deia zabaldu zieten herritarrei.
Udala eta Bizikale elkarrekin
Datuak jaso ostean, etorkizunerako erronka nagusiak identifikatuko dituzte elkarrekin, eta azkenik, datozen urteetan garatu beharreko ekintza-plana zehaztuko dute. Horretarako, udaleko eta Bizikaleko ordezkariz osatutako lan taldea osatuko da, eta “erabaki guztiak adostasunez hartuko dira”, gainerako merkatariekin kontrastatuta. Epeei dagokionean, martxoaren amaiera alderako egitasmoa amaituta izatea aurreikusten dute. Alkatearen esanetan, "azkenengo urteetan izan diren ulertu ezinak gainditu eta elkarlana sendotzen lagundu behar luke" prozesu honek. Arluziagak herriko “merkatari guztiak” gonbidatu zituen prozesuan parte hartzera, gero eta parte hartze handiagoa izan emaitzak lortzeko ere aukera handiagoa izango dela adierazi zuen. Bizikaleko Marimar Deza eta Sara Goenagak berriz, azpimarratu zuten herriko merkataritzaren egoera “larria” dela, eta itxaropena azaldu zuten, “egitasmoa etorkizun hobe baterako hazia izan dadin”.