Debegesak 22 enpresa sortzen lagundu zuen iaz

plaentxia_com 2013ko urt. 28a, 19:09

Debegesa Garapen Agentziak 22 enpresa abian jartzen lagundu zuen 2012an, eta jarduera ekonomiko berri hauek 33 lanpostu sortu zituzten denera. Astero, asteartetan, Autoenplegu Tailerrak burutzen dira Debegesan, goizeko 11:00etatik 12:00etara. Irudia: Ekintzaileetako bat.

Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, 22 enpresa berri sortzen lagundu zuen iaz, Enpresa Berrien Sorrerarako Zerbitzuaren bitartez; 2011. urtean baino 4 gutxiago. 22 jarduera ekonomiko barri hauei esker, 33 lanpostu sortu dira, 2011an baino 2 lanpostu gehiago.

Debegesako Enpresa Berrien Sorrerarako Zerbitzuan jaso diren kontsulta kopuruari dagokienez, 2012an 172 pertsona hurbildu ziren enpresa bat sortzeko aholkularitza edota informazio eske, 2011an baino %12,41 gehiago. Eta kontsulta guztietatik, 46 bideragarritasun plan burutu zituen Debegesak, 2011 urtearekin alderatuz %43,75 gehiago. Honek agerian uzten du enpresa berriak sortzeko interesa badagoela.

Herriz herriz, enpresa berri gehienak Eibarren sortu ziren, 12, hain zuzen; Elgoibarren 4, Mutrikun 3 eta Deban 1. Gainerako bi enpresak Markinan eta Elgetan kokatu ziren, bi gazte eibartarren eskutik.

Sektoreka, enpresa berri gehienak, 11, pertsonei zerbitzuak eskaintzen dizkieten enpresak izan ziren; 6 merkataritza arlokoak; beste enpresei zerbitzuak eskaintzen dizkietenak 2, ostalaritzakoak 2 eta, azkenik, lehen sektoreko enpresa bat.

Ekintzaile edo enpresa berrien sortzaileei dagokienez, 25 eta 35 urte bitarteko gazteak ziren gehienak, %52. 35 eta 45 urte bitartekoak, aldiz, %33a ziren. Bestalde, ekintzaile gehienak, %90 baino gehiago, langabeak ziren. Honela bada, autoenplegua lan-irtenbide bat da askorentzat.

Generoari erreparatuz gero, 2012an enpresa berri bat abian jarri dutenenetatik, %64 emakumeak ziren eta % 36 gizonezkoak.

Enpresa bakoitzeko bataz besteko inbertsioa, berriz, 30.000 eurokoa izan zen.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu Debegesaren laguntzarekin azken 5 urteetan sortu diren enpresen iraupen-tasa %83koa dela.

Ekintzaileei zuzendutako zerbitzua

Debegesako Enpresa Berrien Sorrerarako Zerbitzuak aholkularitza eta informazioa eskaintzen die, erabat dohainik, enpresa berri bat martxan jarri nahi duten eskualdeko herritarrei, ideiaren sorreratik hasita enpresa martxan jarri eta finkatzen den arte.

Debegesak prestakuntza saioak eta ikastaroak ere eskaintzen ditu autoenpleguaren aldeko apustua egiten duten herritarrentzat. Astero, asteartetan, Autoenplegu Tailerrak burutzen dira Debegesan, goizeko 11:00etatik 12:00etara.

Horrez gainera, iaz Debegesak Mentoring Programa jarri zuen abian. Ekimen hau Debabarrenean sortu berri diren enpresa berritzaileei zuzenduta dago. Hain zuzen, mentore baten laguntza eta babesa eskaintzen zaie ekintzaileei (enpresari edo ibilbide azpimarragarria duen profesionala), bere ezagutza eta esperientziaz baliatzea helburu.