Iaz baino 76.644 euro gehiagoko aurrekontua proposatu du udal gobernuak

plaentxia_com 2013ko urt. 21a, 18:40

Alkateak eta zinegotziek herriko hainbat sektoretako ordezkarien eta hainbat herritarren aurrean aurkeztu zituzten euren asmoak. Aurtengo aurrekontu proposamena 3.776.211 eurokoa da. Oposizioak ezezkoa ematea aurrekusten dute. Irudia: Zineko aurkezpena.

 
  {mosimage}
 
Diru kontuei dagokienez, “aurten ere zorra murrizteak lehentasun izaten jarraituko duela” aipatu zuen alkateak. Horrekin batera, azpimarratu nahi izan zuen, “azkenengo bi urteetan udal gobernuak garatutako politikari esker, udalaren zorra (2.871.481 euro) %29,6an murriztea lortu dela” eta udalaren egoera ekonomikoa geroz eta hobea dela.


Egitasmoen atalean, Alkarrekin Soraluze hausnarketa estrategikoaren garrantzia nabarmendu zuen. Horren harira, “udaleko ordezkari guztiak, herritarrak eta eragile sozialak elkarrekin parte hartzea eta datozen urteei begira herria biziberritzeko jorratu beharreko bideak zeintzuk diren zehaztearen garrantzia” aipatu zituen.


Ekimen garrantzitsuenak arloz arlo

Udalgintzako ohiko arloei dagokienez berriz, ildo nagusiak aurkeztu zituen ardura daukan zinegotzi bakoitzak. Ingurugiroari dagokionez, Akizuk azaldu zuen hondakin organikoak berziklatzeko 5. edukiontzia ezarri eta helburu zehatzak finkatzea izango dela udal gobernuaren asmo. Ongizatean berriz, jubilatuen egoitzarako irisgarritasuna hobetzea eta baliabide gutxien dutenen artean herriko dendetan kontsumitzeko bonolaguntzak banatzeko asmoa dutela jakinarazi zuen Santiagok. De Castrok bere aldetik, merkatu plazan egokituko den bilera eta hitzaldi txikietarako lokala nabarmendu zuen eta azken hilabeteetan jasotako argazki zaharren zabalpenerako ekimenak ere iragarri zituen. Euskararen arloari dagokionez, lehentasunezko ekimenak euskara plan berria diseinatzea eta umeen artean euskararen erabilera indartzea izango direla azpimarratu zuen Santiagok.


Hirigintzan, plan orokorra eta herriguneko asfaltoa konpontzea izango dira helburu nagusienetako bi Akizuren esanetan. Garapen sozioekonomikoari begira enplegu plana eta hirugarren sektorea biziberritzeko Bizikalerekin batera egiten diharduten ikerketa nabarmendu zituen Santiagok. Emakumeen Topaguneak egingo duen berdintasun planaren balorazioa, gurasoei zuzenduta martxan jarri nahi dituzten Guraso Eskolak, martxorako zabaltzea aurreikusten den gaztetxokoa, kiroldegi gaineko beiratearen irekiera eta desjabetzeen aurrean udalak sakondu nahi duen inplikazioa ere aipatu zituzten.


Bestalde, eragileendako banatzen diren dirulaguntza guztiak bere horretan mantenduko direla ziurtatu zuen Arluziagak.


Aholkulariaren kontratazioa oztopo oposizioarendako

Datarik zehatzik aipatu ez bazuten ere, pentsatzekoa da aste batzuen buruan udalbatzarrean bozkatuko dela proposamena. Alkateak azaldu zuenez, oposizioko alderdietako ordezkariek “iradoki” omen dute ahokulariaren kontratazioa bertan behera laga ezean aurrekontuaren kontrako botua emango dutela. Hala ere, alkateak adierazi zuen “udal gobernuak ez duela atzera egingo “uste duelako aholkulariaren kontratazioa beharrezkoa dela herriarendako” eta aurrekontuak onartu ezean ere aurkeztutako egitasmo guztiak betetzen ahaleginduko direla azpimarratu zuen.

 

Herritarren galderak

Aurkezpenean izan ziren herritarrek hainbat galdera eta iradozkizun egin zizkieten udal gobernuko ordezkariei: txakurren inguruko ordenantza, auzoetako bileretan hirigintzaz gainerako gaiak lantzeko beharra, 5. edukiontziaren inguruko kanpainaren garrantzia, auzolana indartu beharra, herriguneko adokinak konpontzeko premia, herriko hainbat gune "arriskutsu" egokitzeko eskaera...  

 {mosimage}