{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
2012. urtean Estatuko Abokatuak Soraluzeko Udalari 39/1981eko legeak xedatutakoa betetzea eskatu zion: hau da, Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jartzea. Udalak, horrekin ados egon ez denez, hilabete hauetan ez du eskatutakoa bete, baina momentu honetan, gogoz kontra eta derrigorrez bada ere, betetzea erabaki du, bete ezean udalaren aurkako neurri zorrotzak aplika daitezkeelako.
Banderen jatorria Erdi Aroan bila dezakegu lurraldeek gudatan beren tropak identifikatzeko erabiltzen zituzten estandarteetan. Mendeetan zehar gizakiok harrotasunez erakutsi izan dugun ikurra izan da, gure herritartasunaren adierazle gisa. Baina zenbat eta zenbat guda eratorri dira lurralde bati bandera bat inposatu nahiagatik? Zenbat ezbehar eta heriotza etorri da ikur hau aurkariaren etxean jarri nahi izateagatik? Zenbat zoritxar herri bati nahi duen herritartasuna ukatzeagatik?
76 urte bete dira aurten, espainiar eraso faszitaren aurrean, herri honetako gudariak, ikurriña bizkarrean harturik euskaldunon herri nortasuna beraien bizitzarekin defendatu zutela. Frankismoak iraun zuen bitartean ere, Euskal Herria bezalaxe, jazartua eta debekatuta egon zen gure herriko ikur nagusia.
Baina XXI. mendean bizi gara eta ozen esan behar dugu nork bere aberria zein den erabakitzeko eskubidea izan behar duela, inori zer eta nola sentitu behar duen inposatu gabe. Euskaldunoi urte askotan ukatu zaigun autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugula, alegia.
Gaur gertatzen ari dena, soraluzetarron eskubideen urraketa bat da. Beste herri batzuetan egin duten bezala, Soraluzen ere, espainiar bandera gure udaletxean jartzera behartu nahi gaituzte.
Honen aurrean, Soraluzeko Udal gobernuak ekintza hau salatu nahi du. Zergatik behartu nahi dute Soraluzeko Udala bandera espainola jartzera? Zergatik horrelako neurriak, Espainiar estatuan ere hainbat udaletxek lege hau betetzen ez badute? Katalunian hezkuntza espainolizatu nahi duten bezala, Euskal Herrian gure erakundeak espainolizatu nahi dituzte. Nork sortzen du eztabaida identitarioa? Guk argi daukagu, gu euskaldunak gara, eta Euskal Herri libre eta independente bat nahi dugu.
Aukera geneukan espainiar justiziaren aurrean errekurtsoa ipintzeko, dena dela aurretik galdutako partida bat jokatzera sartuko ginateke. Baina era berean argi geneukan ere, inposizio hori ezin genuela bere horretan onartu.
Gaur bizi dugun mundu globalizatu honetan, bada urrutitik etorritako jende asko gure artean. Bada etorkizun hobeago baten bila etorri denik, edota maitasunak edo adiskidetasunak gurera erakarri duenik ere. Eta Soraluze guztiok gara, hemen jaiotakoak edo 5.000 km haratago jaiotakoak. Ondorioz, herritartasuna herriak berak emana izan behar du. Herritartasun kontzeptu hertsietatik aldendu behar dugu eta gaur egungo egoerara egokitu.
Arrazoi horiengatik, Soraluze herri inklusiboa dela aldarrikatu nahi dugu. Soraluzeko Udala soraluzetar guztien erakundea dela adierazi, betirako edo denbora baterako bertan bizi garenon herria. Beraz, Soraluzeko Udalak, 39/1981eko Banderen Erabileraren Legea betetzeko bandera espainiarraz gain, Soraluzen gaur egun bizi diren herritarren bandera guztiak jarriko ditu zubi nagusiko balkoian eta pleno aretoan.
2012an 30 nazionalitateko soraluzetarrak dauzkagu, beraz, 30 bandera hauek jarri ditugu: Espainia, Portugal, Errumania, Algeria, Maroko, Kuba, Kongo, Pakistan, Belgika, Alemania, Ekuador, Brasil, Kolonbia, Peru, Venezuela, Italia, Argentina, Ukrainia, El Salbador, Bolivia, Dominikar Errepublika, Honduras, Nikaragua, Bulgaria, Puerto Rico, Senegal, Nigeria, Nepal, Mendebaldeko Sahara, Katalunia eta, nola ez, Euskal Herria.
Espainiako banderaren erabilera legeak, bere lehen artikuluan, Espainiar banderak nazioa sinbolizatzen duela adierazten du. Soraluzetarron gehiengoak, aldiz, Euskal Herria sentitzen du bere aberri, bere nazio. Hori dela eta, gaur eta hemen, udaletxe honetan eta herri honetan, ikurriñari bere lekua eskaini nahi diogu eta inoiz baino indar gehiagorekin altxatu nahi dugu, euskaldunak garelako eta bera delako gure herri izaeraren adierazle, gure Euskal Herriaren ikur. Gaurtik aurrera, Plaza Berriko balkoia izango da udal honetako balkoi nagusia, sentitzen duguna masta nagusian agertuko duena. Gure aitxitxa-amamek eta gurasoek urteetan defendatu duten ikurrarena, eta jazarpen guztien gainetik harrotasunez defendatzen jarraituko dugunarena.
Honegatik, herritarrak ere gonbidatu nahi ditugu inposaketa honen aurkako bere jarrera adieraztera, Plaza Berriko balkoian ikurriña haundi bat jarri dugun moduan, nork bere etxeko balkoian berea eskegitzera animatu nahi dugu. Herria ikurriñez bete behar dugu, denok batera gurea dena aldarrikatu behar dugu, bidea ez delako hemen amaituko, legea bete betetzen dugulako baina udal honek gaur agertzen duen irudia Urquijori ez zaiolako gustatuko eta berarena “haundiena eta bakarra” ikusi arte ez duelako etsiko. Eta Soraluzeko herrixak noski ez dio bide hori errez egiten utziko, denon eskuetan dago. Geurea ikurriña delako!!
SORALUZEKO UDAL GOBERNU TALDEA