Udalak ahokularia kontratatu du alkatetzaren dekretu bitartez

plaentxia_com 2012ko abe. 11a, 11:43

Joan zen eguaztenean egin zen udalbatzarrean eman zuen alkateak aholkularia kontratatzeko erabakiaren berri.  Horrekin batera bost mozio onartu ziren eta larrialditarako etxebizitza  lagatzeko eskaria ere bai. Irudia: Udalbatzarra.

 
 
 
 

BILDUren udal gobernuak alkatetzaren dekretu bidez aholkularia kontratatzea onartu duela jakinarazi zuen alkateak udalbatzarraren hasieran. Arluziagak adierazi zuen kontratazioaren erabakia alderdi guztien arteko adostasunez hartzeko ahaleginak egin dituztela baina oposizioaren ezezkoaren aurrean kontratazioa dekretuz egiteko erabakia hartu dutela, udalerriarendako beharrezko jotzen dutelako. Aholkulariak egun erdiko jardunean lan egin du.

Udalbatzarreko bigarren puntua larrialdietarako etxebizitzen inguruko izan zen.  Aho batez onartu zen larrialdietarako etxebizitza lagatzeko gizarte zerbitzuetatik aurkeztutako eskaria.

KONTRATAZIOETAN GARDENTASUNA ESKATZEN DUEN MOZIOA

Lehenengo mozioa udalaren kontratazioen inguruan PSE-EEk aurkeztutakoa izan zen. Bertan udal gobernuari eskaera egiten dio, kontratazioak egiterakoan gardentasunez jokatu dezan eta lan eskeintzak lehenik udaleko batzordean aurkeztu ditzan eta ondoren prentsan, iragarki taulan eta udalaren webgunean, azkenik kontratazioa egin dadin. EAJ eta PSE-EEren aldeko bzokekin onartu zen mozioa. Bilduk premia bereziko kasuetan prozesua bizkortzeko eskatzen zuen emendakina aurkeztu zuen mozioa onartzeko baldintza moduan, baina oposizioko alderdiek ez zuten eskari hau onartu.

 

{mosimage} 

 

ETXEKALERATZEEN INGURUKO NEURRIAK ESKATZEKO MOZIOAK

PSE-EEren mozioak aurrera egin zuen EAJren aldeko botuekin eta Bilduren abstentzioarekin. Bilduren mozioa ere onartu egin zen EAJren kontrako botuekin eta PSE-EEren abstentzioarekin.  PSE-EEren mozioak udalei etxekaleratzeak gauzatzen dituzten bankuekin harremanak etetea eskatzen du. Bilduren mozioak berriz, etxekaleratzeen kasuetan alokairu sozialeko sistema ezartzea proposatzen du.

IHESAREN NAZIOARTEKO EGUNAREKIN BAT EGITEKO MOZIOA

PSE-EEak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten ordezkari guztiek. Mozioan IHESAren aurkako borrokarekin jarraitu eta gaixoak artatzeko beharrezko neurriak hartzeko beharra azpimarratzen zen.

MENDIOLA INDUSTRIALDERA SARTZEKO BIDEGURUTZEA HOBETZEKO PROIEKTUA IDAZTEKO MOZIOA

EAJk aurkeztu zuen mozioa onartu egin zen EAJ eta PSE-EEren aldeko bozkekin eta BILDU abstenitu egin zen. Mozio honen bitartez udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari 2013ko aurrekontuetan, egitasmoa erredaktatzeko diru-partida ezartzeko eskatuko dio.

EAJ eta PSE-EE-ko ordezkariek azalpenak eskatu zizkioten Bilduri bere abstentzioagatik, gogoraraziz 2010. urtean eskari hori berori egitea onartu zuela.

Bilduk bere abstentzioaren arrazoia azaltzeko adierazi zuen, momentu honetan azpiegitura hau ez dutela lehentasunezkotzat jotzen Gipuzkoako aurrekontuetan, behar sozialei erantzun beharra aurretik dagoela argudiatuta. Horrekin batera, Aldundiak Gipuzkoako errepideen azterketa orokorra egiten diharduela aipatu zuen eta ondorioak eskuartean izan arte ez dutela partidarik bideratuko.

 

 {mosimage}