Gaur goizean Eibarren eginiko prentsaurrekoan, GOL eta ALFA taldeen egoeraren inguruan bere hausnarketa plazaratu du LAB sindikatuak. Azaldutakoaren arabera, ALFA taldea "hil ala biziko egoeran" aurkitzen da. Urriaren 1etik enpresa guztiak lege konkurtsalean sartuta daude eta administratzaile konkurtsalek zaintzen dituzte enpresaren kontuak. Egoera honek, langileei, ondorio "larriak" ekarri dizkietela azaldu dute, soldata jaitsierak edota ordainketa etenak esaterako.
Zuzendaritzakoen “nagusikeria” salatu dute
LABko ordezkarien hitzetan, enpresetako bideragarritasun planik ez da egin eta akordioak proposatzerako unean, zuzendaritzako kideen ezezkoarekin egiten dute topo. Administrariek, azken asteotan, "langileen arteko enfretamenduak" bilatu eta "nahasmen kolektiboa" sortzeko nahiaz dihardutela eta horretarako, langile jakin batzuez osaturiko segimendu batzordeak eratu dituztela aipatu dute, langileen ordezkari legalak kontutan hartu gabe.
Bilera bakarra
Bilera bakarra egin dute zuzendaritzakoekin eta honetan kaleratzeak izango zirela jakinarazi zieten. Oraindik baina, beste bilera datarik ez dutela eta "ezjakintasuna nagusi" dela salatu dute. Sindikatuko kideen hitzetan, Alfako zuzendaritzak, bere kabuz, erabakiak hartzen dihardu: “Kaleratze EREen proposamenak ditugu taldeko hainbat enpresetan (oraindik ofizialak ez direnak) eta oraindik ez dute egin enpresa bakoitzeko bideragarritasun planik. Hainbat lantokietan ordu extrak egiten ari dira eta hau erabat bateraezina da kaleratzeekin”. Kaleratzeak akordioen aurretik aurreikustea onartezina dela iritzi dute. Prentsaurrean, zuzendaritza batzordeari eta administrazio konkurtsalari enpresen egoeraren inguruan azalpenak emateko eskatu diete. Halaber, prozesu konkurtsala adostasunez aurrera eramateko nahia azaldu du LAB sindikatuak.