Domekan, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna aldarrikatzeko deia egin dute Udako Parekidetasun Batzordeak eta Soraluzeko Emakumeen Topaguneak. Indarkeria sexista identifikatu eta salatzeko jarrerak lantzea du helburu aurten antolaturiko egitarauak.
{mosimage}Eguaztenean, “Emakumeak Frankoren Espetxean” izenburupean, Errepublika garaian arlo sozioekonomikoan, emakumeen papera zein izan zen azaldu zuen Maria Gonzalezek. Berbetaldiak adin ezberdinetako hogeita hamar bat herritar batu zituen. Gerra Zibilaren ondorioez eta baita Frankismoak inposatutako neurriez ere aritu zen historialaria. “Rosario Dinamitera”ri eginiko elkarrizketa proiektatu zuen gero.
Datozen egunotan burutuko diren ekimenak:
Gaur, 19:00etan: “Soraluze Beldur Barik” lehiaketako sari banaketa
Indarkeria sexista eta jarrera diskriminatzaileak salatzen dituzten lan onenak sarituko dituzte gaur. Bi kategoria ditu lehiaketak. Bata, 12-17 urte bitarteko ikasleei zuzendua dagoena. Bestea, 18 eta 26 urte bitarteko gazteei eskainia. Kategoria bakoitzeko irabazleak, 200 eurotako dirusaria jasoko du.
Domekan, azaroaren 25ean: Elkarretaratzea eta poteo feminista
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunean bertan, kontzentrazioa deitu dute, 13:00etan Plaza Barrixan. Jarraian, jarrera feministak kaleratuko dituzte herriko tabernetatik burutuko den poteo feministarekin.
Azaroaren 30ean: Helduentzako antzerki emanaldia
Behibi´s antzerki taldeak, “No es fácil” helduentzako antzezlana taularatuko du 22:15ean, Zinean. Hemen, aurrerapen txiki bat:
Soraluzeko Udalak onartutako adierazpen instituzionala:
AZAROAREN 25eko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
EMAKUMEEN INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Beste urte batez, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Soraluzeko Udalak biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita.
Emakumeen aurkako biolentziak, izaera fisikoa, sexuala edo psikologikotik haratago, ekonomiko eta sozial izaera ere ba du. Horregatik Udal gisa emakumeen aurkako biolentziaren aurrean dugun jarrera, bikote edo bikote ohi eremuan ematen den biolentziatik haratagokoa izango da.
Belaunaldi gazteagoen artean emakume nahiz gizonen arteko desberdintasunak eta emakumeenganako indarkeria gailenduta daudelako mitoa baino harago, errealitateak erakusten digu gazteen artean dagoen indarkeria matxista, baita adinez txikikoen artekoa ere, benetan kezkagarria dela.
Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ez eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua aldatu gabe ere. Horregatik, tokiko gobernuok konpromiso aktiboa izan behar dugu udalerriko gazteekin lan egin eta indarkeria matxista prebenitzeko, ahalegina eginez eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiz. Hori horrela, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzen lagunduko diegu gazteei.
Prebentzioko prozesu honek erreferentziazko eredu berriak sortzea ahalbidetzen du, hain zuzen ere, mutilek eta gizonek pribilegiozko jarrerarik eduki ez dezaten nesken eta emakumeen aldean, izan ere, indarkeria matxistaren jatorria emakumeen menpekotasuna eta diskriminazioa betikotzen duen botere-harremanean dago.
2012a hasi zenetik 5 emakume erail dituzte Euskal Herrian eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun kasuen berri . Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen dute…
Aurten, bizi dugun egoeraren aurrean ezin dugu bestaldera begiratu; are gutxiago gure eskubideak egunetik egunera murrizten ari direnean:
-
Bikote edo bikote ohi eremuan ematen diren etengabeko tratu txar fisiko eta psikologikoen adierazpenak SALATZEN DITUGU. Emakume izate hutsagatik kolpe, paliza eta heriotzak gertatzea onartezina iruditzen zaigu.
-
Hainbat ordezkari politiko, agente sozial, judizial eta komunikabideren aldetik egindako adierazpenak SALATZEN DITUGU, emakumeak herritar tutelatu gisa eta norbere bizitzaz erabakitzeko ahalmenik gabe kokatzen direlako.
-
Krisian baitan, zerbitzu publikoen murrizketek -bereziki zaintzari dagozkionak-, biolentzia arriskua handitu dezaketen bulnerabilitate egoerak sortzen dituztela SALATZEN DUGU. Obedientzia eta sumisioan oinarritutako harremanetan hain zuzen ere.
-
Hori guztiagatik, Udal honek, ekitatea eta emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna oinarri izango dituen beste eredu sozial baten eraikuntzan aurrera egiteko konpromisoa hartzen du. Emakumeenganako biolentzia bukatzeko bide bakarra izanik eta bide honetan mugimendu feministari, Soraluzen Emakumeen Topagunean haragitu dena, entzun eta berarekin parte hartuz, norabide honetan egindako ibilbideagatik eta helburu hori lortzeko duen lidergo historikoagatik.
Horren guztiaren jakitun, Udal honek
-
Indarkeriari aurre egiteko KONPROMISOA HARTZEN DU. Politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontutan, besteak beste heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak.
-
Bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko KONPROMISOA HARTZEN DU, hitzetik ekintzetara pasatuz.
GONBITEA EGITEN DIE herritar guztiei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, antolatutako mobilizazioetan parte hartzera, eta deialdi berezi bat egiten die Soraluzeko emakumeei, urtean zehar ere Emakumeen Topagunean parte hartu dezaten.
Soraluzen, 2012ko azaroan