Ehunetik gora lagun batu ziren Txurrukaren askatasuna eskatzeko

plaentxia_com 2012ko aza. 21a, 13:36

Ehun eta hamarren bat lagunek Lurdes Txurrukaren askatasuna exijitu eta espetxe politika berrien aldarria egin zuten domeka iluntzean burututako manifestazioan. Herrira mugimenduak baikor baloratu du ekimena eta datozen egunotako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die bertaratutakoei. Ikusi manifestazioaren bideoa!

Ehun eta hamar lagunetik gora batu zituen Lurdes Txurrukaren askatasuna exijitzeko manifestazioak. Presoaren senide eta lagunentzat data seinalatua izan zen domekakoa. Egun horretan bertan, azaroaren 18an atxilotu baitzuten orain 18 urte, eta ordutik, isolamendu egoeran eta herritik urrun daukatela ohartarazi du Herrira mugimenduak. Gaur egun Huelvako espetxean dagoela eta bisitan joateko presoaren senide eta lagunek 2400 kilometro egin behar dituztela ere salatu dute.

Datozen hilabeteotan Txurrukaren egoera gizarteratu eta bere askatasuna exijitzeko urratsak ematea izango da Soraluzeko Herrirak burutuko dituen ekimenen ardatza.

 

Hurrengo deialdiak

Euskal Preso Politikoen alde Gabonetan egiten diren ekimenak prestatze aldera, batzar irekia deitu dute azaroaren 30erako, 18:30ean Zinean. Bestetik, urtarrilaren 12an Bilbon burutuko den manifestazio jendetsuan parte hartzeko deialdia egin du Herrirak. Soraluzetik autobusa antolatuko da.

Denboraren garrantziaz ohartzeko filma

Herritarrei Bilboko manifestaziora joan daitezen eskatzeko Lander Garrok zuzendu duen "Denbora" laburmetriak, "presoek kartzelan duten egoera, eta bisitek sortzen dieten zirrara era poetikoan" islatzea du helburu. Ikusi estreinatu berri den spot-a!