{mosimage}Kontakizunen mundu magikoa arakatzeko, ezagutzeko eta ipuinak asmatzen ikasteko helburuarekin, Soraluzeko bederatzi lagunek eman dute izena ipuinak lantzeko ikastaroan, denak emakumezkoak. Irati Trebiño ipuin kontalariak hartu du aipatu tailerra gidatzeko ardura. Hiru saio eskainiko ditu eta asmoa da umeengan ipuinek duten eraginaz ohartaraztea.
Trebiñoren berbetan, ipuinak baloreak transmititzeko erabili daitezke eta horregatik dute berebiziko garrantzia umeen heziketan. “Kontakizunen bitartez, beldurrei aurre egiteko baliabide emozionalak eskaintzen dizkiegu esaterako. Etxeko txikienei, istorio bitartez beraien mundutxoan dauden beldurrak gainditzeko tresnak eman behar dizkiegu, hauei aurre egiteko gai direla senti dezaten”.
Ipuinek “guraso eta seme-alaben arteko harremana estutzeko” balio dutela eta istorioen bitartez “umeek babesa bilatzen dutela” iritzi du ipuin kontalariak. Horregatik, garrantzia handia ematen dio kontaketetan hizkuntza eredu zuzen, argi, aberats eta esanguratsua erabiltzeari. Ahozkotasuna eta ipuin tradizionalak zein gaur egungoek eskaintzen dituzten mezuaren irakurketa kritikoa egiteko baliabideak landuko dituzte datozen eskoletan.