Lurdes Txurrukaren askatasuna eskatzeko manifestazioa egingo da domekan

plaentxia_com 2012ko aza. 15a, 15:33

Lurdes Txurrukak espetxean 18 urte beteko dituela eta, manifestazioa deitu du domekarako Herrira mugimenduak. Mobilizazioa Plaza Barritik abiatuko da, 19:30ean. Herritarrei parte hartzeko deialdia egin diete prentsaurreko bidez. Ikusi bideoa!

 

{mosimage}Soraluzeko Herrira mugimenduak, senide eta herriko preso ohiekin batera, Lurdes Txurrukaren egoeraz ohartarazi eta bere askatasuna eskatzeko agerraldia egin zuen atzo.

Azaldutakoaren arabera, Lurdes Huelvako espetxean dago, herritik 1.200 kilometrora. 197/2006 sententzia aplikatu diote eta ondorioz espetxe zigorra 2024. urtera arte luzatzeko arriskua du. Orain arteko espetxealdia salatu zuen Herrirak: “Isolamendu egoeran, bakartuta izan dute eta traslado gogorrak pairatu behar izan ditu. Miaketetan xantaiak egin eta bisitak galarazi dizkiote”.

Espetxe politika berriaren aldarrikapena

Aro politiko berrian, espetxe politika berria aplikatzeko aldarria egin zen prentsaurrean, “Euskal Herrian zabaldutako aro berriak, Aieteko bake konferentzia eta ETA erakundeak iragarritako behin betiko su-etena oinarri, politika eta soluzio berriak eskatzen ditu Europan indarrean dagoen gatazkarik zaharrenak eragindako ondorioei aurre egiteko”. Norabide horretan, Herrira-ren ustez ezinbestekoa da egun indarrean dagoen espetxe politika aldatu eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatuak izatea.

Parte hartzeko deia

Herritarrei aipatu aldarrikapenekin bat egin eta domekan Txurrukaren askatasuna eskatzeko, “kaleak betetzeko”, gonbidapena egin diete. Mobilizazioa Plaza Barritik abiatuko da, 19:30ean.

Ikusi bideoa!