Hogei lagun inguru batu zituen Ekolapiko proiektuaren aurkezpenak

plaentxia_com 2012ko aza. 7a, 18:17

Ikastetxeetako jantokietan elikadura ekologiko eta osasuntsua txertatzeko proiektua aurkeztu zuten atzo, Zinean. Hizketaldira, gurasoak, Plaentxi Herri Ikastetxeko jangelako langileak eta Bidetxior kontsumo elkarteko kideak batu ziren. Nekazaritza ekologikoarekin umeen osasuna bermatzearen arduraz jardun zuten bertaratutakoek. Hemen atzoko azalpenak!

 

 

{mosimage}Sabrina Pato, Ekolapiko proiektuko elikadura adituaren hitzetan, ikastetxeetako jantokietan elikadura ekologiko eta osasuntsua txertatzeko proiektuak umeen osasuna bermatzea du helburu. Proiektua osatzen duten kideek, nekazaritzak duen garrantzia azpimarratu nahi dute eta elikagaiak ekoizten direnetik kontsumitzen diren arte zaindu nahi dituzte. Funtsean, hori da proiektuaren ardatza.

 

Ekolapikok, ikastetxeengana ez ezik, gurasoengana ere iritsi nahi du. Gurasoen ahotsa entzun eta proiektuaren parte bihurtu nahi dituzte. Frogatuta baitago, Patoren hitzetan,  gurasoak direla, ikastetxeetako jangela langileekin batera, proiektua martxan jartzeko gaitasuna dutenak. Argi laga zuen, sukalde propioa duten ikastetxeekin soilik dutela lana egiteko eskumena eta horrek, zenbait herritan, Ekolapiko martxan jartzea ezinezkoa bihurtzen duela.

Hala ere, Ekolapiko izan nahi duten eskoletan, sukalde eta kosteen diagnosia eta asesoramendua egiteko prest daudela azaldu zuen Biolurreko kideak.

Plaentxiko jangela egoera aztertuz, 200 ume inguruk bazkaltzen dute herriko ikastetxean. Sukalde egiturarik ez du Herri Ikastetxeko jangelak, hortaz ezinbestean, ikasle denek katerin zerbitzuak prestaturiko menuak jaten dituzte egunero. Menuok, Patoren berbetan, “sasoikoak ez diren produktuek osatzen dituzte eta produktuok ez dira modu ekologikoan ekoiztuak izan. Ez dituzte lurrak eskaintzen dituen baliabide naturalak errespetatzen. Nekazaritza zuzena baztertuta geratzen da”.

{mosimage}Ekoizpen ekologikoko eta bertako elikagaien bitartez, elikadura orekaturako menuak egiteko beharrak bultzatu zuen Ekolapiko proiektuaren sorrera. Landa garapena eta baserriaren etorkizuna ziurtatu eta elikadura burujabea eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa landu nahi dituzte. Horren adibide dira, Ekolapiko erabiltzen duten ikastetxeetako guraso eta umeekin egiten dituzten irteera didaktikoak. Umeentzat esnea ekoizten duen esnegilearenera, barazkiak landatzen dituen baserritarrarenera, okinarenera… “umeek jaten dutena nondik datorren eta zer jaten duten ulertzeko modu hobeena irteerak egitea dela iruditzen zaigu. Gurasoak aldiz, ekoizpen ekologikoaren lanaz jabetzen dira”.

2011-2012 ikasturtean, honako eskoletako jangelek erabiltzen dute Ekolapiko: Zuloagako Udal Haur Eskola, Haurtzaro Partzuergo Udal Haur eskola (Oiartzun), Andra Mendi Ikastola (Beasain), Usurbilgo Udal Haur eskola (Usurbil), Oreretako Uztargi Haur eskola (Orereta) eta Segurako Aterpetxea. Zarauzko Salbatore Mitxelenan proiektu pilotua jarri dute martxan.

 

Zalantzak argitu edo esperientziak partekatzeko:

http://www.ekolapiko.net/index.php/eu/

Informazio gehiago Bergarako Biolur Elkartean ere eskuratu daiteke:

BIOLUR GIPUZKOA

Urteaga kalea 21
20570 Bergara
Telefonoa: 943 761 447 / 688 810 391
biolurgipuzkoa@euskalnet.net
biolur@biolur.net