Debabarreneko Produktu Gastronimokoen Kluba sortzeko lehen bilera egingo da bihar

plaentxia_com 2012ko aza. 6a, 18:49

Debabarreneko Produktu Turistiko Gastronomikoaren Kluba sortzeko lehen bilera iragarri du Debegesak biharko (eguaztena) . Turismoarekin eta gastronomiarekin erlazionatutako zerbitzuak eskaintzen dituzten eragile publiko zein pribatu gonbidatu nahi dituzte hitzordura (jatetxeak, pintxo tabernak, ardotegiak…). Bilera Debegesan egingo da, 17:30ean. Eman izena lehenbailehen!

 

Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak eta Turismoaren Euskal Agentziak, Basquetour-ek bultzatuta, Debegesak, Debabarreneko Produktu Turistiko Gastronomikoaren Kluba deritzona eratzeko lehen hitzordua zehaztu du biharko. Asmoa da Debabarreneko turismo gastronomikoa modu egituratuan bultzatzea eta horretarako, gastronomiari dagokionean Debabarrenera datorren bisitariari zer edo zer eskaintzen dion eragile oro dago bilerara deituta: jatetxeak, pintxo-tabernak, gozotegiak, jarduera gastronomikoak eskaintzen dituzten enpresak, gourmet dendak, bisitak jasotzen dituzten ekoizleak, ardotegiak….

Biharko bilerak eragileen arteko lehen harremanak garatzea du helburu. Edukiari dagokionean, Produktuaren Kluba zehazki zer den, partaide izatearen abantailak zeintzuk diren eta Klubeko kide izateko zer egin behar den zehaztuko dute. Halaber, Klubeko kide izateko establezimendu bakoitzak bete behar dituen baldintzez ere jardungo dute.

Eskaintza hobetzeko azterketak egingo dituzte

Klubera atxikitzen diren eragileak lantaldetan antolatuko dira eta taldeka, aholkuak emateko mintegiak egingo dituzte. Establezimendu bakoitzak bisitaldi teknikoak izango ditu, enpresa edo profesional bakoitzaren eskaintza turistiko gastronomikoa ebaluatzeko eta hobetzeko helburu dutenak. Debegesa Garapen Agentzia arduratuko da eskualdean bisitaldien koordinazio eta dinamizazioaz.

Konfirmazioa eskatu dute

Biharko bilera 17:30ean hasiko da, Debegesak Eibarren duen egoitzan (Azitain industrialdean). Joateko asmoa dutenek izen-ematea lehenbailehen egiteko eskatu dute antolatzaileek, 943 820110 telefonora deituz edo posta elektronikoa erabiliz mlurizar@debegesa.com.